Zearreta inguruan estalkia estreinatuko dute
Lanok 648.700 euroko aurrekontua izan dute. Eremua 1.500 ikaslek erabiliko dute irailetik aurrera, eta asteburu zein arratsaldeetan ere zabalik egongo da.
Zearreta ingurua lanak amaituta.Gernika-Lumoko Udala Gernika-Lumoko Udalak estalki baten eraikuntza bultzatu du Allende Salazarreko eta Seber Altubeko 1.500 ikaslek egunero erabiltzen duten Zearretako kirolgunean, eta irailetik aurrera erabili ahalko dua; ikasleek ez ezik, kirolgunea herritarrek ere erabili ahalko dute, zabalik egongo baita asteburu zein astegun arratsaldeetan.
Inguru horretako lanok egiteko aurrekontua 648.700,60 eurokoa izan da, eta Jose Mari Gorroño alkateak nabarmendu du estalkia jartzeak gazteen artean kirola egitea sustatzen duela.
Hala ere, estalkiak ez du kirolgune guztia estaltzen, eremu bat baizik. Izan ere, Zearretako kirol azpiegitura bi mailatan antolatzen da. Goiko aldean 800 metro karratuko azalera daukan frontoia dago, dagoeneko estalki batek babesten zuena, eta, beheko aldean, goiko mailatik lau metro beherago, bi eremu bereizten dira: 1.000 metro karratuko espazio batean bi saskibaloi kantxa —bata zeharka eta bestea luzetara— daude kokatuta eta, beste aldean, 1.200 metro karratuko espazioan, aire zabaleko areto futboleko zelaia, hori ere berritua. Hain justu, saskibaloi kantxak dauden beheko espazioren parte hori da estalkiak estaltzen duena.
Estalkia jartzeaz gain, frontoiaren eta saskibaloi kantzen arteko espazioan, 300 metro karratutan, harmailak ere jarri dituzte, bertaratzen den publikoari partiden ikuspegi “eroso eta zuzena eskaintzeko”. Eta, jarduerak, perimetro itxiera bat ere barne hartu du, instalazio horiek babesteko helburuz egindakoa.