Arteaz espazio publikoan gozatzeko aukera
ilboko Arte Ederren Museoak eta BBK-k bultzatzen duten 'Artearen Ibilbidea' erakusketak hartuko du Gernika-Lumoko Domingo Alegria plaza gaurtik (abuztuak 19) abuztuaren 25era arte. Kalitate handiko artelanen erreprodukzioak ikus daitezke bertan.
Gernika-Lumoko Domingo Alegria plaza ingurua aire zabaleko museo bilakatu da gaur (abuztuak 19), izan ere, Bilboko Arte Ederren Museoak eta BBK-k bultzatzen duten Artearen Ibilbidea erakusketak hartu du ingurua. Hala, Historia hilezkorrak artean lelopean erakusten diren artelanak ikusteko aukera egongo da abuztuaren 25era bitartean. Gero, Busturiko Axpera joango da erakusketa abuztuaren 26tik irailaren 1era bitartean.
Ekimena Herriz Herri programaren barruan dago kokatuta, eta horren helburua da, Bizkaiko udalekin elkarlanean, eragin sozial positiboa duten proiektuak herritarrei gerturatzea: artea eta kultura lurraldera eta bizkaitarrengana hurbiltzea du xede, espazio publikoetan kalitate handiko artelanen erreprodukzioak jarriz. “Gizarte eragin edo inpaktu sozial positiboa duten ekintzak sustatu gura ditugu”, diote arduradunek.
Bigarren urtez.
Lehenengo edizioko “arrakastaren” ondorioz ailegatu da Bizkaiko udalerri ezberdinetara, aurten ere, Artearen Ibilbidea erakusketa. Hala adierazi dute BBK-ko ordezkariek: “Bizkaian ahalik eta udalerri gehienetara ailegatzea da asmoa, aukera berdintasuna, gizarteeratzea eta garapen jasangarria sustatzen dituzten eta 2030 Agendagaz zein GJHekin bat egiten duten proiektuak elkarregaz lantzeko”. Eta, horri jarraiki, Bizkaiko 61 udalerrik bat egin dute ekimenagaz.
