Sare Gernika-Lumo: "Elkarbizitzaren bidean ezinbestekoa da euskal preso, iheslari eta deportatuak etxerako bueltan egotea"
Oraindik etxeratu gabe segitzen duten preso, iheslari eta deportatuen etxerako bidea martxan jartzea eskatu du gaur (abuztuak 18) San Roketxutxu egunez, Sare Gernika-Lumok.
San Roketxutxu eguneko Sare Gernika-Lumoren mobilizazioa udalerriko kaleetan.Sare Gernika-Lumo Gernika-Lumoko jaietan, era batera edo bestera, euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzearen aldarrikapena presente egon da, eta, gaur (abuztuak 18) San Roketxutxu egunez, azken urteetan egin legez, oraindik etxeratu gabe segitzen duten horien etxerako bidea martxan jartzea eskatu du Sare Gernika-Lumok: “Orain”.
Izan ere, oraindik gatazkaren ondorioen konponbidean soluzionatu gabeko aferak daude: tartean, 110 euskal preso, 16 iheslari eta 3 deportaturen erabateko etxeratzea. “Elkarbizitzaren bidean ezinbestekoa da guztiontzako etxerako buelta egotea, eta urgentziaz gainera. Denbora aurrera joateak, eskubideen urraketak areagotu, haien eta haien senideen sufrimendua areagotu, eta egoera enkistatu baino ez duelako egingo”, argi adierazi dute.
Horren “adibide gordina” den adibidea ere plazaratu dute. Sareko kideek diotenez, 57 euskal preso dira egun zigorra erregimen itxian betetzen ari direnak, horietako bat Jabi Abaunza preso gernikarra, hain justu: “Estatu frantziarrak Lannemezan-go espetxean gatibu duen bi presoetako bat da, 23 urte daramatza espetxeraturik, Gernika-Lumotik 317 kilometrotara urrundurik, eta, gainera, oraindik 7/2014 legedia aplikatzeko arriskuan”. Izan ere, estatu espainiarrak ez die estatu ezberdinetan betetako zigor batuketa aplikatu euskal preso guztiei, nahiz eta Europak hori aldaraztera behartu eta iazko udazkenean Espainiako kongresuak legedia hori zuzendu. Alegia, Abaunzak estatu frantziarreko zigorra betetzerakoan, estatu espainiarreko zigorra zerotik betetzeko arriskua duela salatu dute: “Estatu espainiarreko zigorra zerotik beterarazi nahi zaio, urteetan indarrean egon den tranpa juridikoaren ondorioz”.

San Roketxutxu eguneko Sare Gernika-Lumoren mobilizazioa udalerriko kaleetan.Sare Gernika-Lumo
Geldo doa arkitektura juridikoaren zuzenketa Sarekoen berbetan, baina konponbide klabeetan “urgentzia” dagoela azpimarratu dute: “Beharra dugu. Jabi eta egoera berean dauden gainerako presoak etxerako bidean martxan jarri behar ditugu. Orain”.
Horregatik guztiagatik, lanean jarraituko dutela gehitu dute, “Kepa, Eneko, Jabi eta gainerakoen erabtako etxeratzearen alde”. Hala, hurrengo egun eta asteetan egingo dituzten mobilizazio deialdietara bertaratzeko deia egin diete herritarrei: abuztuaren 22an Bilboko Aste Nagusiaren baitan, Bizkaiko Etxera eguna izango da; eta, bestetik, aurten, hilabete honetan, azkeneko barikuan elkarretaratzea egingo dute —hilaren 29an 20:00etan Pasealekuko eskaileretan —, Hatortxu Rock dela eta uztailean egin ez zutelako.