Aitzol Atutxa nagusitu da 3. mailako Aizkolari Txapelketan, Gernikan
3. mailako Aizkolari Txapelketa hartu du San Roketxutxu egunez, gaur (abuztuak 18), Gernika-Lumok. Merkatu plazan bildu dira 3.mailako aizkolaririk onenak, eta denen artean onena izan da Aitzol Atutxa.
Gernika-Lumoko Andra Mari eta San Roke jaiak amaitzeko ordu gutxi geratzen dira dagoeneko. Egunez zein gauez festa nagusi izan da abuztuak 14az geroztik, eta gaurko (abuztuak 18) 00:00etan agurtuko dituzte herriko jai nagusienak. Hala ere, gaur, San Roketxutxu egunez, gozamenerako tartea izan dute herritarrek. Izan ere, Euskadiko 3. mailako Aizkolari Txapelketako finala lehiatu dute Merkatu plazan, eta bertan izan diren sei aizkolarien artean, onena izan da Aitzol Atutxa.
Dimako aizkolariak jantzi du txapela, lana bikaina eginez eta erlojua 12 minuto eta 12 segundoko markan geratuz. Atzetik, bigarren posturako lehian estu ibili da finala, euren arteko lehia polita izan baitute hurrenez hurren bigarren eta hirugarren sailkatu diren Oier Mitxelenak eta Eloy Kortxerok; 13 minuto eta 43 segungo behar izan ditu Mitxelenak, eta hiru segundo gehiago –13 minuto eta 46 segundo– Kortxerok.
Hirugarrenarekiko minutu bateko aldeagaz, laugarren postuan sailkatu da Miguel Martin Raposo, 14 minuto eta 45 segundoko denbora ezarriz. Denbora gehiago behar izan dute Unai Etxeberriak eta Jon Erdoizak finala amaitzeko: 15 minuto eta 17 segundotan amaitu ditu lanak Etxeberriak bosgarren postuan sailkatuz, eta 15 minuto eta 53 segundoz lan egin behar izan du Erdoizak, seigarren postua lortzeko.