Lehertu da festa
Kolore zuriz bete dira kaleak. Martxan daude Gernika-Lumoko Andra Mari eta San Roke jaiak. Gernikako Txosna Batzordea eta Urdaibai Kantagunea izan ziren atzo pregoilariak, eta herritik eta herriarentzako jai euskaldunak aldarrikatu zituzten.
Zuriz daude kaleak, jendez beteta herriko txokoak. Barreak eta algarak dira entzuten direnak, baita kantu herrikoiak eta denetariko musika instrumentuak ere. Metxa piztuta eta txupina jaurtita, martxan daude Gernika-Lumoko Andra Mari eta San Roke jaiak. Kamiseta zuriak jantzita atera dira kalera herritarrak, jaietako zapia soinean dutela, eta azken egunetako urduritasunak alde batera utzita, eztanda egin du festak udalerrian.
Ailegatu dira gernika-lumotarrek horrenbeste itxaron dituzten egunak, eta zelan gainera. Gogotsu abiatu zituzten atzo (abuztuak 14), jendetza elkartu baitzen erdigunean. Kuadrillak mahaiaren inguruan batu ziren eguerdian, baina eztanda Hilarion Eslavaren Salbea entzun, eta pregoia eta txupina jaurti ostean ailegatu zen: dantzek, irrintziek, musikak eta kalejirak hartu zuten herria.
Gernikako Txosna Batzordea eta Urdaibai Kantagunea izan ziren pregoilariakk, eta herritik eta herriarentzako jai euskaldunak aldarrikatu zituzten batzuek zein besteek.
30 urte betetzen dituzte egunotan txosnek, 30 urte, parrandatik harago, beste Gernika-Lumo bat posiblea dela uste duen jendearen topaleku izaten: “30 urteak ez dira errazak izan. Urtietan, oztoporik oztopora ibili diren belaunaldi denei zor diegu gaur daukaguna, udalaren urteetako debekuen aurrean: Elai-Alai plazatik, San Kristobaleko skate parketik… hainbat eta hainbat lekutatik eta horrenbeste erasoren gainetik pasatu ostean, Pasealekura heldu ginen eta hori bihurtu da Gernikako elkarlanaren eta parte hartzearen eremu nagusia”.Ā

Eta, Pasealekutik, aldarrika eta aldarrikatzen jarraitu gura dute. Ondorioz, ez zuten ahaztu Palestinako herria, eta Palestinaren askapena eskatu zuten. Horrez gain, gura duten eskualde ereduaz ere aritu ziren txosnetako kideak: “Eta, gure biziekin negozioa egin gura dutenei argi eta garbi diegu: Gernikako txosnetatik, Guggenheim Urdaibairi Stop!”.Ā
Gainera, eta 30 urtetan ikusitakoari jarraituz, “espazio kultural, euskaldun, aske eta seguruak defendatzea” baino ez zaiela geratzen gehitu zuten. “Gernikan, zorionez, borondatezko beharretik sortutako leku eder asko ditugu. Eta aurten, bereziki aipamen berezia egin gura diogu 20 urte betetzera doan Astra gune autogestionatuari Zorionak, Astra!”.Ā
Bestetik, 20 urtez kantari ibili dira Urdaibai Kantaguneko kideak, bi hamarkadaz udalerriko kaleak eta auzoak kantuz girotzen. Euskara jalgi hadi kanpora, euskara jalgi hadi plazara, euskara jalgi hadi dantzara, euskara habil mundu guztira. Hala dio Bernat Etxepareren poemak, eta hala adierazi zuten Urdaibai Kantaguneko kideek: “Kantuak dioen modura, abesten eta dantzatzen ibili gara 20 urtez. Gure herriaren izena ezagutaraztera joan gara Bartzelonara, Hannoverrera, Stockholmora edota Irlandara, eta jai hauetan ere gurekin abestuz parte hartzera gonbidatu gura ditugu herritarrak, adina edozein dela ere”.
Gonbidapen horrekin, eta gazteei euren lekukoa hartzeko dei eginda, kalean, auzoetan edota herrietan euskaraz abesten jarraitzeko nahia adierazi zuten, irrintzien bitartez.
Kalejira.
Pregoilarien berbak eta aldarrikapenak entzunda, eskutik oratu eta saltoz salto Adolfo Urioste kalea jaitsi zuten herritarrek, Makazaga Musika Alkartearen, Txaranga Txorongoren eta erraldoi eta buruhandien konpartsaren laguntzagaz batera. Pasealekua, Merkatu plaza eta San Juan Ibarra zeharkatu ostean, udaletxeko plazan dantzan amaitu zuten kuadrillek kalejira herrikoia.
Xaiborrek herriko kaleak girotu zituen gero, eta Txoriburu Productions taldearen doinuak izan ziren Pasealekua hartzen lehenak. Horien ostean, Leihotikan eta Zirkinik Bez taldeetako musikariak igo ziren oholtzara. San Juan Ibarra plazan, berriz, arrakasta duten Mariachi Imperiak de Guanajuato taldeko mariatxiak izan ziren protagonista.
Eraso matxista.Ā
Bezpera Egunean, baina, txosnagunean, eraso matxistak salatu zituzten, eta jaietako protokoloa martxan ipini behar izan zuten, musika etenez eta zerbitzatzeari utziz. Gernikako Sare Feministak elkarretaratzea deitu du gaurko (abuztuak 15) 20:15ean Pasealekuko eskaileretan.
Gaur, festak ez du etenik, eta denetariko ekintzak daude goiz-goizetik hasi eta goizaldera bitartean: EGITARAUA.