Terrazak eta mahaitxoak arautzeko ordenantza berria dauka Mundakak
Araudi horrek esparru tekniko eta juridikoa ezartzen du espazio publikoetan terrazak instalatu eta erabiltzeko, betiere "herritarren bizikidetza, segurtasuna, irisgarritasuna eta ingurumenarekiko errespetua bermatuz". Abuztu amaieran jarriko da martxan.
Mundakako Udalak abuztuaren amaieran martxan jarriko den terrazak eta mahaitxoak arautzeko ordenantza berria dauka. Araudi horrek esparru tekniko eta juridikoa ezartzen du espazio publikoetan terrazak instalatu eta erabiltzeko, betiere “herritarren bizikidetza, segurtasuna, irisgarritasuna eta ingurumenarekiko errespetua bermatuz”. Udal ordenantza berriak hainbat alderdi arautzen ditu, hala nola lizentziak eskatzeko prozedura, funtzionamendurako ordutegiak, terrazak edo mahaitxoak instalatzeko, mantentzeko eta garbitzeko baldintzak, edota arauak betetzen ez direnean jarraitu beharreko neurriak.
Araututako alderdien artean, baimendutako azaleren mugaketa argia, iriste erraztasunerako baldintzak betetzeko beharra edo terrazetan dauden elementu osagarriak arautzearena ageri dira. Gainera, bidegabeko okupazioak edo gehiegizko zaratak saihesteko kontrol eta zehaztapen sistema bat zehazten da. Esaterako, ordenantzak debekatu egiten du baimendutako terrazetan era guztietako iturri akustikoak instalatzea, baita zuzeneko musika eta irudi erreproduzitzaileak jartzea ere, aldez aurretiko esakerarik egin barik. Dioenez, eskaera egin beharko da, eta berariazko baimena jaso horretarako: baimen horretan, ordutegiari dagozkion baldintzak edo soinu emisioaren mailarik handiena zehaztuko dira.
Lizentziak pertsonalak eta besteraezinak izango dira, baita “prekarioak” ere; hau da, espazio publikoaren gaineko eskubide subjektiborik ez dute, udalak onartzen dituelako, eta, ondorioz, udalak “kalte ordainik jasotzeko eskubide barik” edozein unetan baliogabetu ditzake, “interes publikoko arrazoiengatik edota lizentziak erabilera baldintza orokorrekin bateraezinak direnean”.
Baimenak emateko, prozedurak zenbait arau orokor bete beharko ditu: eskaera egitea eta eskabideak egin nahi den jarduera, instalazio edo okupazio zehatza hasteko aurreikusitako eguna baino gutxienez 30 egun natural lehenago eta gehienez 90 egun natural lehenago egitea.
Terrazen denbora eremuari edota funtzionamendu aldiari dagokionez, berriz, ostalaritzako terrazen kasuan baimemak denboraldi bakarrerako izango direla zehazten du dokumentuak, urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra artekoak. Hala ere, berritzea automatikoki egin ahalko da, arau aldaketaren bat dela-eta baimena emateko baldintzak berrikusi behar direnean izan ezik. Eta, horiek muntatzeko eta martxan izateko ordutegia ere zehaztuta dago: 08:00etan hasiko da eta 23:00etan amaitu. Hori bai, bariku, zapatu eta jai egunetan, ordutegia ordu eta erdi luzatuko da, eta, udako denboraldian (ekainaren 1etik irailaren 30era), ordubetean.
Ordenantza hau espazio guztietan aplikatu da, erabilera publikokoetan, titulartasun publikokoetan zein pribatukoetan.