Irudia eta kolorea, Ume bat, Zuhaitz bat proiektuari
Mikel Aldekogaraik, KZN ezizenez ezaguna den artistak, azken urteetan jaioberri bakoitzeko zuhaitz bat landatzen duten Gernika-Lumoko Trama inguruari kolorea eta irudia eman dizkio.
Tramako horma irudia.Gernika-Lumoko Udala Gernika-Lumon jaiotza bakoitzak aztarna uzten du lurrean, jaiotza bakoitzeko zuhaitz bat landatzen baita Trama inguruan, udalak 2023an martxan jarritako Haur bat, Zuhaitz bat ekimena dela eta. Orain, proiektuari irudia eman gura izan diote udal arduradunek, eta KZN ezizenez ezaguna den Mikel Aldekogarai artistak kolorea jarri dio, inguru horretan horma irudi bat margotuz.
Horma irudian, haur bat haritz bat landatzen ikus daiteke, amagaz batera, Haritz bat gaur, baso bat bihar leloa idatzita duena. Izan ere, lan horrek inguru horretan dagoeneko landatutako 623 haritzak islatu gura ditu, zeregin horri balioa emanez.
Familia eta hezkuntza izaera “handiko” proiektua da honakoa: gurasoek eta seme-alabek elkarregaz parte hartzen dute zuhaitza landatzen eta zaintzen, haurren eta tokiko naturaren arteko lotura zuzean sustatuz. “Horrela, haritza hazkunde partekatuaren eta ingurumen konpromisoaren sinbolo bihurtzen da bizitzako lehen pausoetatik”, adierazi du Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateak. Gehitu du haurrei ondoetorria egiteko eta horiengan txikitatik ingurumen kontzientzia sustatzeko “modu polita” dela, “haurtzaroa, natura eta hiri artea uztartzen dituena”.
41 arbola gehiago.
Baina proiektua ez da Tramako basora mugatzen, izan ere, udal ordezkariek esan dute 41 zuhaitz landatu dituztela udalerriko beste zenbait gunetan, Pasealekuan, kasu. Besteren artean, ezkiak, pago moreak, masustondoak, magnoliak eta gereziondoak landatu dituzte udalerriko hainbat lekutan. “Horrela, udalerriko berdeguneak berreskuratu eta mantendu gura ditugu, ingurune osasungarria eta jasangarria bermatzeko”, adierazi du Gorroñok, udalak ingurunearekin “konpromisoa” duela esanda.