Genozidioa amaitzeko oihua, Gernikatik Palestinara
Elkartasun zapiak soinean zituztela, palestinarrei elkartasun mezu bat bidaltzeko, genozidioagaz amaitzeko, Israelekin harreman guztiak eten eta isolatzeko, eta giza larrialdiari urgentziaz erantzuteko mezua zabaldu zuten atzo (abuztuak 13) herritarrek Gernika-Lumotik, Gernika Palestina deialdi herritarrak hala deituta.
Beste behin ere, haritzetik Olibondorainoko elkartasun mezua zabaldu zuten atzo (abuztuak 13) arratsaldean, Gernika-Lumoko Auditorioan: genozidioa amaitzeko oihua, Israelekin harreman guztiak eten eta isolatzekoa, giza larrialdiari urgentziaz erantzutekoa. Izan ere, Palestinako herriari “libre” izateko eskubidea dagokiola argi adierazi zuten bizilagunek.
Elkartasun zapiak soinean zituztela elkartasun argazkia atera zuten atzo, Gernika-Palestina Deialdi Herritarraren deialdiari bikain erantzuna. Hala, jendearen erantzun hori eskertu zuten deitzaileek: “Gernikako leku esanguratsu hau elkartasunez bete dugu, eta eskertzekoa da Gernikako herria Palestinako herriaren ondoan dagoela adierazteko beste keinu honetara horrenbeste jende gerturatzea. Hala ere, ziurrenik, eta zoritxarrez, egoerak eskatuko duen modura, hau ez da azken keinua izango”.
Hori esanda, gernika-lumotarrak jaietan “bete-betetan” sartuko diren egun hauen atarian, Gernika Palestinako kideei garrantzitsua iruditzen zitzaien palestinarren askatasunaren aldeko keinu bat egitea: “Badakigu jaietan egongo garela, eta gauza asko ospatu, aldarrikatu eta gure artean egoteko bideak susutatuko ditugula, baina horrelako egun batzuen atarian, Palestinak sufritzen duen genozidioa amaitzeko eskatzea ezinbestekoa iruditzen zitzaigun”.
Eta hori, irudi bitartez ez ezik, elkartasun zapien bitartez ere egin zuten atzo. Hala, zapi hori doazen lekura eramateko deia egin zieten herritarrei, Palestinaren aldeko aldarrikapena “ahalik eta leku gehienetan” zabaltzeko. Baina zapi horren bitartez ez dute elkartasuna bakarrik adierazi gura, argi esan gura dute —doazen lekura doazela—, Palestina gogoan dutela eta Israelen genozidioa “berehala” amaitu behar dela: “Palestinaren askatasunaren aldeko oihua zabaldu gura dugu”.
Guernica koadroa aipatuta, eta ama eta umearen irudia “sinbolo” bat dela jakitun, argi adierazi zuten irudi horrek ondo adierazten duela Palestinan gertatzen ari dena; izan ere, 60.000 pertsona baino gehiago erail dituzte Palestinan, eta bereziki Gazan. “Datu lazgarri modura, hildakoen artean, 18.000 baino gehiago umeak dira”, gehitu zuten. Eta bonbardaketen bitartez ez ezik, gosea eraginda ere Israelek “herri bat suntsitu eta desagerrarazi” gura duela salatu zuten: “1937an gure herriaren suntsiketa helburu izan zuten moduan, 88 urte geroago, hemen gaudela esan eta Gernika gehiagorik ez dugula nahi argi adieraz genezake. Ez hemen ez inon. Etori adierazteko ardura badaukagu”.
Gernika Palestinak, aldarrikapenak egiteaz eta elkartasuna bidaltzeaz harago, Palestinarrei lagundu gura die, hainbat bide uztartuta. Hala, elkarteak jasotzen duen diru laguntza guztia —izan udal diru laguntzetatik jasotakoa, izan kaleko ekintzetan edo zapia bezalako euskarrien bitartez lortzen dutena— Mundubat fundazioaren bitartez zuzenean bidaltzen dute Palestinara. “Zuzenean diogu, ze Mundubatek aspalditik lan egiten du Palestina osoan, bai Gazan, bai Zisjordanian, bi esparrutan: batetik, nekazari eta abeltzainen sindikatu edo elkarteekin lanean ari da, eta haien bitartez urgentziazkoa den oinarrizko osagai batzuk bideratzen ditugu bertara; eta, bestetik, palestinar emakumeen ahalduntzea sustatzen duen emakumeen sindikatuen bitartez lan egiten dute. Garrantzitsua da esatea nora bidaltzen dugun dirua. Ze mundu hobe bat nahi dugu, Palestina aske bat nahi dugu, eta nahi dugu Gernikatik jaso dezatela gure elkartasuna”.