Eraso matxista salatu dute Mundakan
Eraso matxista salatzeaz gain, matxismoa "lehen mailako arazo soziala" dela nabarmendu eta indarkeria matxistaren kasuak ez direla kasu isolatuak gogoratu dute. Udalak konpromisoa hartu du indarkeria matxistaren aurkako borrokan pausoak ematen segitzeko, "emakumeek eta LGTBI+ kolektiboko pertsonek giza eskubideak erabat bermatuta izan ditzaten".
Eraso matxista bat salatu dute Mundakan, eta herritarrek “erabat gaitzetsi” dute emakumeen sexu askatasunaren aurkako ekintza hori gaur (abuztuak 14), 11:00etan, herriko plazan. Mundakako Udalak egindako deiari jarriki bildu dira bertan, eta eraso matxista salatzeaz gain, elkartasuna bidali diete erasotuei zein haien inguruko pertsona guztiei. Gainera, behar dituzten udal baliabide guztiak euren eskura jarriko dituztela esan dute udal ordezkariek.
Mundakako Udalak gogoratu du indarkeria matxista ez dela giza eskubideen urraketa larri bat bakarrik, “lehen mailako arazo soziala” dela nabarmenduta: “Emakumeen eta LGTBI+ kolektiboko pertsonen duintasunaren eta osotasun fisiko eta moralaren aurkako erasoa da”. Azpimarratu dute indarkeria matxistaren kasuak ez direla kasu isolatuak, “sistema batean oinarritutako balio batzuen babesean sortzen” direla esanda. “Balio horiek honako ideietan oinarritzen dira: emakumeak gizonen menpe bizi behar direla eta adierazpen zein portaera jakin batzuek emakumeak sozialki zigortu behar dituztela. Hori horrela izanda, udalak argi eta garbi adierazi nahi du indarkeria matxista oro erabat gaitzesten dugula”, adierazi dute.
Era berean, eta udala erakunde publikoa den aldetik, udalak konpromisoa hartu du “berdintasunaren alde lan egiten” jarraitzeko eta indarkeria matxistaren aurkako borrokan pausoak ematen segitzeko, “emakumeek eta LGTBI+ kolektiboko pertsonek giza eskubideak erabat bermatuta izan ditzaten”. Horretarako, herritar guztien “erabateko berdintasuna” ahalbidetzeko politikak bultzatzea bilatuko dute udal ordezkariek. Eta, bide batez, indarkeria matxistaren aurka “bete-betean” aritzeko eskatu diete herritarrei, “berdintasunezko Mundaka eraki ahal izateko”.