Marmitakoagaz abiatuko dituzte egitarau beteko Natxituko jaiak
Lau egunez, denetariko ekintzekin gozatzeko aukera izango dute natxituarrek herriko jaietan. Marmitako usainagaz abiatuko dituzte festak bihar, eta Lapatzako igoera lehiatuko dute Andra Mari egunez, etzi.
Jai giroak ez du etenik abuztuan. Han edo hemen, festa giroa nagusi da eskualdeko herrietan, eta, asko dira abuztuaren 15ean Andra Mari eguna ospatuko dutenak, tartean natxituarrak. Hala, Natxituko jaiak ekintzaz beterik datoz oraingoan ere. Ondo pasatzeko lau egunez eta hamaika ekitaldiz beteko dute herri txikia bihartik (abuztuak 14) domekara (abuztuak 17) arte, eta bertaratzeko deia egin diete herritarrei.
Marmitako usaianagaz abiatuko dituzte festak bihar, eta behin marmitako onena norena den erabaki eta egindakoak dastatu ostean, erromeriagaz gozatzeko aukera izango dute. Gero, urtero legez, 20:00etan jaitsiera egingo dute Gurutzeganetik, eta ikurrina igoko dute, plazako dantzek eta Natxituko abestiak lagunduta. Gauean, erromeriagaz dantzan jarraituko dute.
Etzikoa izango da, baina, egun handia. Andra Mariegunez, bolanderak eta txistulariak arduratuko dira herria jai giroz berotzen hasteaz, eta Onintza Enbeita eta Aitor Etxebarriazarraga bertsolariek hartuko diete lekukoa. Beroketa lanean ere ibiliko dira zenbait korrikalari inguruan, izan ere, Lapatzako XXIV. Igoera lehiatuko dute 13:00etan.
Jai giroak bere horretan jarraituko du arratsaldean, izan ere, mozorrotzeko txanda ailegatuko zaie natxituarrei. Mozorro desfilea egingo dute 18:00etan, eta puzgarriez zein txokolate janaz gozatzeko aukera ere izango dute, erromeriari hasiera eman aurretik.
Zapatuan, aldiz, herriko taldeen arteko desafioa izango da protagonista, eta horren ostean, indarrak hartzeko herri bazkarian batuko dira Bolatokian.
Eta, domekan, Natxitukue Ibilbidea egiteko hitzordua dute jarrita. Ohi legez, martxa egiteko bi aukera izango dituzte herritarrek: laburra eta luzea. Martxa luzekoak izango dira ateratzen lehenak, 08:30ean, izan ere, 21,5 kilometroko ibilbideari aurre egin beharko diote. Laburrekoek, aldiz, 11 kilometroko bidea izango dute, eta 10:00etan aterako dira. Dagoeneko izenea eman daiteke Natxituko Bolatokian, 12:30etik 13:30era eta 19:00etatik 20:00etara bitarteko ordutegian. Hala ere, egunean bertan ere izena emateko aukera egongo dela ziurtatu dute; inskripzioagaz batera, gainera, aurtengo kamiseta banatuko da. Ibilbidean, anoa puntuak egongo direla jakinarazi dute antolatzaileek, baita amaieran mokadutxo bat jateko aukera izango dutela parte hartzaileek ere.
EGITARAUA.
Bihar, abuztuak 14.
11:30. XIII. Marmitako Txapelketa.
14:00. XIII. Marmitako Txapelketaren aurkezpena.
16:00. Kittu.
20:00. Gurutzeganetik jaitsiera eta ikurrinaren igoera.
Gero. Plaza dantzak eta Natxituko abestia.
22:00. EinGo.
Etzi, abuztuak 15.
10:00. Bolanderak eta txistulariekin kalejira.
11:00. Meza nagusia.
12:00. Nagusientzako hamaiketakoa.
Bitartean. Onintza Enbeita eta Aitor Etxebarriazarraga bertsolariak.
13:00. Lapatzako XXIV. Igoera (Julen Beaskoetxea Memoriala).
18:00. Puzgarriak eta mozorro desfilea.
Ondoren. Txokolatea.
23:00. Pandan Go erromeria.
Zapatua, abuztuak 16.
10:00. Txistulariak.
12:00. Meza nagusia.
12:30. Herriko taldeen arteko desafioa.
15:00. Herri bazkaria bolatokian.
Ostean. Kanaro.
Domeka, abuztuak 17.
08:30. Natxitukue mendi martxa luzearen (21,5 km) irteera.
10:00. Natxitukue mendi martxa laburraren (11 km) irteera.