Ibarruriko andramariak, elkarregaz gozatzeko hitzordua
Kirola, musika, dantza, erromeria... bihartik zapatura bitartean denetariko jarduerez gozatzeko aukera izango dute ibarruritarrek Andra Mari jaietan.
Herri txikietan jai handiak ere badira, eta horiek ez galtzeko lan egiten dute jai batzorde zein udalek. Kasu hori da, hain zuzen ere, Ibarruriko Andra Mari jaietakoa. Jai batzordearen aleginagaz eta udalaren laguntzagaz jai herrikoiak antolatzen dituzte, eta belaunaldi ezberdinetako herritarren topaleku bihurtzen da herriko frontoia.
Belaunaldi desberdinetako herritarrek elkar ezagutzeko eta elkarregaz ondo pasatzeko aukera izaten dute Ibarrurin andramarietan, eta horretarako egitaraua prestatu dute oraingoan ere. Hala, bihartik (abuztuak 14) zapatura (abuztuak 16) arte, mota ezberdinetako ekintzak izango dituzte topaleku.
Makailau janagaz abiatuko dituzte jaiak bihar, baina etzirako indarrak gordeko dituzte, izan ere, eskaintza zabalagaz dator Andra Mari eguna. Kirola, musika, dantza, erromeria… denetarik izango dute aukeran ibarruritarrek zein bertaratzen direnek.
Pilota partiduekin abiatuko dute eguna, Baso Txoritxu dantza taldearen emanaldiagaz gozatzeko, gero. Bazkaldu ostean, umeen jolasak ez dira faltako, eta herri kirolek hartuko dute lekukoa: txinga eroate herrikoian batuko dira bizilagunak. Ostean, indarberritzeko atseden hartu bitartean, Onintza Enbeitaren, Aitor Etxebarriazarragaren eta Ibai Amillategiren bertsoak entzungo dituzte, izan ere, gorputzak martxan jartzeko beste hitzordu bat izango dute bertsoekin amaitutakoan: erromeria.
Gaua, su artifizialek argituko dute 23:15ean, eta Dj Hi Bai Hi!-ren laguntzagaz dantzan jarraituko dute ordu txikietan ere. Goizaldeko 02:00ak iristerakoan, ohiko kantzontzilo eta kulero lasterketan elkartuko dira, eta etxerantz joateko edo festan jarraitzeko erabakia hartuko dute askok.
Eta zapatuan, aurreko egunak emandakoez berba egiteko aukera izango dute, herri bazkarian bilduko baitira herritarrak. Hori bai, bertaratzeko, izena eman beharko da txokoan.
EGITARAUA.
Bihar, abuztuak 14.
22:00. Makailau jana.
Etzi, abuztuak 15.
11:30. Meza nagusia.
12:30. Esku pilota partidak.
13:30. Baso Txoritxu dantza taldearen emanaldia.
18:00. Umeen jolasak.
19:00. Txinga eroate herrikoia.
20:00. Bertso saioa: Onintza Enbeita, Aitor Etxebarriazarraga eta Ibai Amillategi.
22:30. Erromeria.
23:15. Su artifizialak.
Ostean. Dj Hi Bai Hi!
01:00. Txokolate jana guztiontzat.
02:00. Kantzontzilo eta kulero lasterketa.
Zapatua, abuztuak 16.
11:30. Meza nagusia abesbatzagaz.
12:30. Briska txapelketa.
Ostean. Herri bazkaria (Txokoan izena eman behar da).