1912ko galernan hildako 143 arrantzaleak omendu dituzte
Galerna Egunarekin, 1912an Bermeoko kosta astindu zuen galernan hildako 143 arrantzaleak omendu zituzten atzo (abuztuak 12), Bermeon. Omenaldi hunkigarria eta lore eskaintza prestatu zituen Galerna belaontzi taldeak.
1912ko galerna gogoratzeko omenaldi ekitaldia, Bermeon. 1912ko abuztuaren 12an, galerna suntsitzaile batek Bermeoko kostaldea astindu zuen: Matxitxakoko lurmuturretik 45 miliatara arrantzan zueden 143 arrantzale hil ziren; horietatik 116 bermeotarrak izan ziren, 16 lekeitiarrak, 8 elantxobetarral eta 3 ondarrutarrak. 1912ko enbata XX. mendeko lan istripurik handiena izan zen, eta ordutik 113 urte bete diren honetan, urtero legez, Galerna belaontzi taldeak antolatuta, itsasoan galdutako arrantzale horiei zein euren familiei omenaldi hunkigarria egin zieten atzo (abuztuak 12), Bermeon.
Olatu kaia kandelaz bete zuten bermeotarrek, arrantzaleen oroimenean egindako itsas prozesioaren aurretik. Gainera, lore sorta bat ere jaurti zuten uretara, gertatutakoa oroitzeko eta arrantzaleak omentzeko helburuz. Ekitaldi hori Kankinkabara txistu taldeko musikariek, Txakuntxo txalaparta taldekoek eta Kanta Kanta Loruekoek musikatu zuten.
Zer gertatu zen duela 113 urte?
Duela 113 urte, abuztuaren hasieran, hegaluze bila zebiltzan arrantzaleak Bermeoko kostan. Hain zuzen ere, abuztuaren 10ean atera ziren 40 itsasontzi inguru itsas zabalera. Eta, abuztuaren 12an, arrantzan ari zirela, barometroak zituzten ontzi frantsesak berataratu zitzaizkien euskaldunei eguraldi txarra zetorrela esatera. Ondorioz, portura itzuli ala ez erabakitzen zuen arduradunak portura joateko abisua eman zuen, baina batzuek hegaluzea arrantzatzen gelditzeko erabakia hartu zuten, “beste askotan” egin izaten zuten modura. Galerna hura, baina, ez zen ohikoa izan, eta haren ondoren ziklogenesi lehergarri bat gertatu zen. Hala, txalupa asko eta asko irauli egin ziren, beste batzuk apurtu eta marinel askok uretan amaitu zuten.