Gazte egunean murgilduta dabiltza ibarrangeluarrak
Gazte bazkariak 90 lagun inguru elkartu ditu. Arratsalde eta gauerako gazte olinpiadak, baflepoteoa eta kontzertuak antolatu ditu Ibarrangelu eta Elantxobeko Gazte Asanbladak.
Ibarrangelu eta Elantxobeko Gazte Asanblada sortu zutenetik Ibarrangelun Gazte Eguna antolatu nahian aritu dira, eta azkenean iritsi da eguna. Gaurko [abuztuak 8] egun guztiko egitaraua prestatu dute, eta horretan murgilduta dabiltza goizetik. 12:00etan ekin diote festari txupinazoa bota eta brindisean elkartuta, eta, segituan, gazte asanbladaren logoagaz kamisetak pertsonalizatzen hasi dira. Kolore guztietako kamisetak apaindu dituzte, eta, batzuk espraiagaz beste batzuek baino abilezia gehiago erakutsi badute ere, denek harro jantzi dute kamiseta.
Eguazkiak gogor jo du goizean Ibarrangelutarrek, eta askok elizpeko gerizpea eskertu dute. Gazte asanbladako zapi berdea lepoan dutela, elizpean bertan batu dira gazte bazkarirako izena eman duten ia 90 lagunak. Antolakuntzatik rolak ondo banatuta, goiza kozinatzen eman duten gazteek prestatutako makarroi eta solomoa dastatu dituzte.

Bazkalostea girotzeko bingo musikatuan eta gazte olinpiadetan batuko dira, jai giro herrikoian bakoitzak bere trebetasun eta gaitasunak erakutsi ditzan. Iluntzean berriz, Ibarrangelura bertaratzen joango direnekin batera baflepoteoan bilduko dira, segituan musika gauari hasiera emateko. Bier Seiten kontzertuagaz hasiko badira ere, 22:30ean gazteak bihurtuko dira protagonista, karaokea izango baitute aukeran, Ostean, DJ Larraz eta DJ Etxekoren esku geratuko da jaia gozaldera arte luzatzeaz.