Urbietako zubia, martitzenetik aurrera erabilgarri
"Funtzionaltasuna, integrazio estetikoa eta iraunkortasuna" uztartzen dituen Urbietako pasabide berriak 577.609,80 euroko kostua izan du. Datorren martitzeneko [abuztuak 12] 12:00etatik aurrera erabili ahal izango da.
Urbietako oinezkoentzako pasabide berria datorren martitzeneko [abuztuak 12] 12:00etatik aurrera erabilgarri egongo da. Gernika-Lumoko Udaletik jakinarazi dutenez, egun horretan amaitutzat emango dituzte “milioi erditik gorako kostua” izan duen, eta Santa Anako aparkalekua eta Urbietako kirol instalazioak lotzeko “funtsezkoa” den azpiegitura berreraikitzeko lanak.
Aurretik bi puntuak lotzen zituen zubia 2023an kendu behar izan zuten, azpiegiturako zutabeetan xilogafoak agertu eta usteldu egin zelako. Zubi berria egiteak, proiektuaren idazteketa eta zuzendaritza barne hartuta 577.609,80 euroko kostua izan du; azaldu dutenez, material “erresistenteagoak eta jasangarriagoak” erabili dira plataforma berriaren aurrefabrikazioa eta muntaketara bideratu dira. Pasabide berriak 174 metro karratu baino “zertxobait gehiago” ditu eta, “L formako trazadura” mantentzen badu ere, zubiaren iraunkortasuna bermatzea ahalbidetuko duten “hobekuntza tekniko garrantzitsuak” ditu.

Egitura ia bere osotasunean “iroko egurrez” eta altzairuz eginda dago. Gainera, euriarekiko eta hezetasunarekiko esposizioa murrizten lagunduko dion goiko estalki batez eta alboetako lamez osatutako “babes-azala” jarri diote. Egurraren “erresistentzia naturala” hobetzeko lanak ere gauzatu dituzte, azpiegituraren iraupena luzatzeko asmoz. Zehaztu dutenez, neurri horiek segurtasun irizpideei erantzuteaz gain, “hirigunea hobetzeko eta oinezkoen mugikortasuna sustatzeko estrategia zabalago baten parte” ere badira. Zubia berriro erabilgarri egoteak Urbietako kirol-instalazioak erabiltzen dituztenentzat zein gainontzeko herritarrentzat “funtsezkoa” den pasabidea berrezartzea suposatzen duela nabarmendu dute, oinezkoen “joan-etorri handiko” puntua baita.
Udaletik azpimarratu dutenez, “funtzionaltasuna, integrazio estetikoa eta iraunkortasuna” uztartzen dituen pasabidea irekitzeak “bizilagunek espero zuten obra bat ixtea” dakar, hiriko bi puntu esanguratsuren arteko lotura indartuz.