Udan ere herriko gazteak batu nahian
Gernikeko Egurre Gazte Asanbladiek 'Azken pintxopotea' deitu du gaur [abuztuak 7]. Zapatuan, berriz, udako gazte afarian batu eta iraileko Gazte Egunaren egitaraua aurkeztuko dute
Gernikeko Egurre Gazte Asanbladie irailaren 20an [zapatua] egingo duten Gazte Egunera begira lanean aritu da azken hilabeteetan, baina hala ere, uda sasoian ere “Gernika-Lumoko gazteak batzeko”. Azken asteetan denetariko ekintzak antolatu dituzte gaztetxean, hala nola, boxeo klaseak eta jolasen txapelketa. Gaurko [abuztuak 7] eguna ere “adin ezberdinetako gazteak elkartu eta komunitatea sortzeko” baliatuko dute, Azken Pintxopotea deitu dutenean batuko baitira.
Jardunaldia 18:00retan hasiko dute, gaztetxearen irekieragaz eta gero, elkarrekin herriko tabernetara joango dira, pintxopote eguna baita Gernika-Lumon. Udako egitaraua”jende ezberdina” gaztetxera hurbiltzeko aukera gisa ikusten dute, horregatik, DJ Smart Sega-Potoren emanaldiagaz amaituko dute eguna, gaztetxean bertan.
Gazte afaria. Etzirako [abuztuak 9], berriz, Udako Gazte Afaria deitu dute: “Gaztetxea hartu genuenetik egindako lan guztiagaz, eta horrek eman digun indarragaz Gazte Eguna antolatzen aritu gara uda guztian talde ezberdinak; afaria egin dugun lana ospatu eta indarrak hartzeko aitzakia izango da”.
Egitaraua 17:00etan hasiko dute, jaietara begirako egin beharrekoak elkarrekin egiteko. 21:00etan, berriz, iraileko gazte egunerako atondu duten egitaraua aurkeztuko dute, Badatoz zikoinak, gazte egunien zer? izena jarri dioten ekitaldian. Brindisean batu ostean, gazte afariari ekingo diote.
Azaldu dutenez, gaur pintxopoteoan izena emateko aukera egongo da, baina interesa duenak edozein momentutan idatzi dezake Egurre Gazte Asanbladaren sare sozialetara. Halere, “zapatuan bertan” ere izena emateko aukera egongo da, gaztetxean.
Uda sasoia izanik “jende asko oporretan” egonik ere, antolatu dituzten ekintza ezberdinen “balorazio positiboa” egin dute: “Udak jendea kanpoan egotea dakar, baina hori kontuan hartuta, momentu askotan gazteak batzea lortu dugu, gazteak guztiak batu eta norbere gauzen inguruan hitz egiteko espazio bat izatea. Pasealekuan partiduake egon direnean ere gaztetxea zabalik izan dugu eta jendea zerbait hartzera hurbiltzen zen”.