Udaltzaingoa "modernizatzeko" neurriak ezarriko dituzte
Udaltzaingoaren bulegoaren kanpoaldean "erantzun azkar eta eraginkorra" ematea ahalbidetuko duen herritarren arretarako txirrina jarri dute, eta agenteak, "beharrezkoa" den egoeretan gorputz-kamerak erabiltzen hasiko dira.
Herritarren “segurtasuna eta zerbitzu publikoaren kalitatea” hobetzeko helburuagaz, Bermeoko Udalak udaltzaingoa berritzeko prozesua abiarazi du. Jakinarazi dutenez bi berrikuntza “garrantzitsu” ezarriko dituzte “hurbiltasuna, eraginkortasun operatiboa eta herritarren konfiantza” areagotzeko helburuagaz.
Udaltzaltzainek gorputz-kamerak erabiltzea izango da berrikuntzetako bat, eta azaldu dutenez, “Eusko Jaurlaritzak ezarritako araudiaren arabera” erabiliko dituzte. Kamerak agenteen uniformeetan integratuta egongo dira, eta “beharrezkoa” denean erabiliko dira, “herritarren zein agenteen segurtasuna bermatzeko”. Udaletik azpimarratu dutenez, teknologia horren bidez “portaera desegokiak” saihestu ahal izango dira, eta era berean, jarduerak dokumentatzea eta “inplikatutako alde guztiak babestea” ahalbidetuko du.
Horrez gain, udaltzaingoaren bulegoaren kanpoaldean herritarren arretarako txirrina jarri dute, bi helbururekik; batetik, bide publikoan agenteen presentzia “areagotzea” eta bestetik, bulegoan daudenen “pribatutasuna eta lasaitasuna” bermatzea. Nabarmendu dutenez, komunikazio sistema automatizatu baten bidez abisua “berehala” iristen da agenteengana eta horrek herritarren eskaerei “erantzun azkar eta eraginkorra” ematea errazten du.
Hartutako neurriek udalak eta udaltzaingoak egungo garaiari egokitutako “segurtasun moderno eta hurbilaren alde duten konpromisoa” erakusten dutela zehaztu dute, berrikuntza “eskubideen errespetuarekin” eta zerbitzu publikoaren “etengabeko hobekuntzarekin” uztartuz.