"Istripu arriskuagatik" Kanalako frontoia ez erabiltzeko eskatu dute
Frontoia jabetza pribatukoa da, eta Sukarrietako Udala apezpikutegiko ordezkariekin harremanetan dago eremu horretan esku-hartzea egitea ahalbidetuko dion "epe luzerako hitzarmen bat" lortzeko.
Azken egunetan Kanalako frontoiko hormatik harri txintxor bat erori dela ikusita, Menditik Kostaratik frontoia ez erabiltzeko deia egin dute, “istripu arriskua” baitago. Jakinarazi dutenez, dagoeneko dagokion “aseguru eta agintaritza eskudunagaz” harrementan jarri dira, auziari irtenbidea emateko. Halaber, azaldu dute egin beharreko lanek iraun bitartean, Kanalako parrokia ez da “pilotalekua txarto erabiltzeagatik” sortu daitezkeen arazo eta istripuen erantzule egingo: “Espero dugu eleiztarrek eta herritarrek neurria ulertzea”.
Sukarrietako Udaletik arazoa konpontzeko lanean dabiltzara iragarri dute, “hainbat hilabetez apezpikutzagaz harremanetan” dabiltzala zehaztatuta. Izan ere, Kanalako frontoia erabilera publikoko gunea bada ere, elizaren jabetzakoa da. Ondorioz, udalak ez du gune horretan mantentze edo hobekuntza-gasturik egiteko “legezko gaitasuna ematen dion titulurik”: “Udalak ezin du jabetza pribatu batean aurrekontu publikorik gastatu, ez berea, ez dirulagutza bidez lortutakoa”.
Horregatik, frontoiaren egoeraren berri izatean apezpikutegiko ordezkariekin harremanetan jarri ziren, “epe luzerako hitzarmen bat” lortu ahal izateko; akordio horregaz, udalak esku-hartzea egiteko “titulu nahikoa” izango zuen, gastuak justifikatu eta hobekuntza lanak egiteko dirulaguntzak eskatu ahal izateko. Aurreratu dutenez, bi alderdiak akordio batera iristeko “gogoz” daude, eta lehen zirriborroa bategaz lanean dabiltza. Udaletik nabarmen dutenez, azken egunetako harri txintxor erorketak negoziazio eta elkarrizketak “arintzea” eragin beharko du, auziari irtenbidea “ahalik eta arinen emateko”.