Pro Tourreko Varbergeko proban brontzezko domina lortu du Naia Lasok
Park modalitateko finalean 86,95eko puntuazioa jaso zuen skater bermeotarrak, STU Pro Tourreko Varbergeko (Suedia) probako hirugarren postua lortuz.
Argazkia: BAT Basque Team Skate Total Urbe plataforma brasildarrak antolatutako STU Pro Tour birak nazioarteko lehen geralekua izan du asteburuan Varbergen (Suedia). Nazioarteko skater onenak elkartu dira Freden Skateparkean, eta Naia Laso bermeotarrak park modalitateko brontzezko domina eskuratu du, final handian 86,95 puntuko balorazioa jasota.
Barikuan [abuztuak 1] ekin zion 16 urteko skaterrak lehiaketari, lehen unetik bere maila altua erakutsita. Hamabost skater finalaurrekoetarako 12 plazetako bat eskuratu nahian aritu ziren, lau kideko lau taldetan banatuta. Bermeotarrak bere txandako emaitza onena lortu eta zapatuko [abuztuak 2] probara sailkatzea lortu zuen. Finalaurrekoan, hiru multzotan parte hartu zuten, eta beste behin, bere multzoko onena izan zen Laso, 86,55eko puntuazioagaz, hirugarren marka onena lortuta.
Atzoko [abuztuak 3] final handian ere hirugarrena izan zen Bermeoko skaterra, finalaurrekoetako podium bera errepikatu baitzen. Lasok 86,95 puntuko bereganatu zituen, eta horregaz batera, brontzezko domina. Garaipena Sky Brown anglo-japoniarrarentzat izan zen (88,80 puntu) eta zilarrezko domina, berriz, Mizuho Hasegawa japoniarrarentzat (88,77 puntu).