Indarkeria matxistari "irmoki" erantzutearen garrantziaz
Busturialdeko Itaiak Zizur Nagusiko erailketa matxista salatzeko elkarretaratzea deitu zuen atzo [abuztuak 3], eta emakumeak lehen lerroan izango dituen "erantzun kolektibo eraginkorrak" eraikitzeko deia egin zuten.
Argazkia: Busturialdeko Itaia Zizur Nagusiko erailketa matxista salatzeko elkarretaratzea deitu zuen atzo [abuztuak 3] Busturialdeko Itaiak, Gernika-Lumon. Deitzaileek indarkeria matxista medio 2003az geroztik Euskal Herrian 130 emakume hil dituztela gogoratu zuten, erailketa matxistei “irmoki” erantzutearen garrantzia azpimarratuz: “Ez gaude kasu isolatu bati buruz hitz egiten”.
Itaiakoek egungoa emakumea “subjektu debaluatu” bihurtzen duen sistema kapitalista dela salatu zuten: “Emakumeak politikoki, ekonomikoki eta kulturalki zapaltzen dituen sistema batean bizi gara”. Emakumeak “indarkeria bizitzera derrigortuak” direla azpimarratu zuten eta horren adibide bezala jarri zituzten erailketa matxistak: “Horregatik da horren garrantzitsua kasu hauek irmoki erantzutea, beti ere, jasaten ditugun beste indarkeria formak ahaztu barik: bizi baldintzen okertze, prekarizazioa, ideia matxisten normalizazioa… Horrexek dira subjektu zapaldu izatera kondenatzen gaituztenak”.
Elkarretaratzea “gero eta larriagoa” bihurtzen ari den “olatu erreakzionarioa” salatu zuten. Gainera, sare sozialetan matxismoa normalizatu eta sustatzen duten mezuak zabaltzen direla eta “sexu esplotaziorako bide berriak” zabaltzen ari dirala azpimarratu zuten: “Guzti hau ikusita, matxismoaren kontrako kontzientzia indartu eta indarkeria matxistei irmotasunez aurre egingo dion indar politikoa antolatu behar dugu”. Itaiatik emakumeak lehen lerroan izango dituen “erantzun kolektibo eraginkorrak” eraikitzearen aldeko mezua zabaldu zuten.