Herria gazteen topaleku bihurtzeko eskaintza
Ibarrangelu eta Elantxobeko Gazte Asanbladak Gazte Eguna antolatu du barikurako [abuztuak 8], eta bihar [abuztuak 5] da gazte bazkarian izena emateko azken eguna. Uda sasoirako pala eta futbito txapelketak ere antolatu izan dituzte, "erantzun onagaz".
Argazkia: Ibarrangelu eta Elantxobeko Gazte Asanblada Ekainaren 1ean ekin zion formalki Ibarrangelu eta Elantxobeko Gazte Asanbladak bere ibilbideari lehendabiziko bilera irekiagaz. Batzar horretako “puntu garrantzitsuenetako bat” uda sasoian Ibarrangeluko Gazte Eguna antolatzearena izan zen. Foruko eta Gernika-Lumoko jaien artean “egun berezi bat” prestatzea bururatu zitzaien, eta egun bere horrek dagoeneko zehaztuta du data: barikuan [abuztuak 8] egingo dute, Ibarrangeluko elizako plazan.
Gazte eguna egun berean “kuadrilla ezberdinak batzeko aukera” legez bizi dute gazte asanbladakoek, eta “egingarria eta hainbeste kostatzen ez duela” ikusita, aurrera jo zuten: “Barikua izatea erabaki genuen, eskualdeko beste jai batzuekin bat egingo ez duen egun batean”. Hala, bariku honetarako egun guztiko egitaraua prestatu dute, eta ez dira gazte bazkaria, gazte olinpiadak edota kontzertuak faltako.
Eguna txupinazoa bota eta brindisean batuta hasiko dute, segituan kamisetak serigrafiatzeari ekiteko. Parte hartu gura dutenek kamiseta etxetik eraman beharko dute. 14:30 aldera, berriz, gazte bazkarian batuko dira eta, asanbladatik gogoratu dutenez, bihar [abuztuak 5] da izena emateko azken eguna. Interesa dutenek Ibarrangeluko eta Elantxobeko Gazte Asanbladaren Instagram kontuan eskuratu daitekeen galdetegia bete beharko dute: “Erantzuna ona izaten ari da, 60 gaztetik gora gaude dagoeneko izena emanda. Izen ematea bihar amaitzen da, ikusiko dugu mantendu ala luzatzen dugun, baina gure helburua ahalik eta gazte gehien egotea da”.
Hilabete jendetsuena.
Ekimenak gazte ibarrangelutarrak eta gazte udatiarrak batzea bilatzen duela azaldu dute asanbladatik: “Ibarrangelu eta Elantxobera udan jende asko etortzen da eta kuadrilla ezberdinak osatzen dira. Neguan ez dagoen jende asko dagoenez, aproposa ikusten dugu abuztuan egitea; hilabete jendetsuena da”.
Gainera, herrian “pila bat kuadrilla” daudela antzemanda ere, denek batera parte hartzeko ekintzen falta sumatu dute, eta are gehiago, gazteek beraiek antolatuak diren ekimenena: “Asanbladan kuadrilla eta adin ezberdinetako pertsonak daude eta, nahiz eta egunerokotasunean elkarrekin horrenbeste egon ez, euskara erdigunean jarrita denok batu eta elkarrekin zeozer antolatzeak guretzat balio nahiko handia du”.
Ibarrangeluko (eta Elantxobeko) gazteak saretzea bilatzen badute ere, barikuan elizako plazara bertaratzeko deia “ondoko herrietako jendeari” ere zabaldu diete, “giro polita” egongo dela azpimarratuta: “Gazteentzat antolatu dugun zerbait da. Sasoi batean gaztetxea eta gazte mugimendua egon ziren, baina azken urteotan apur bat apal egon bada ere, ematen du berriro ere badagoela aukera berriro ere gauzak antolatzen hasteko: barikukoa Ibarrangeluko I. Gazte Eguna izango da”.
Udako txapelketak. Gazte eguna bakarrik ez, uda sasoian aisialdirako eskaintza ere landu du Ibarrangelu eta Elantxobeko Gazte Asanbladak: pala eta frontenis txapelketak atondu dituzte. Ez dira udalerriak hartu dituen lehen txapelketak, “aspaldi” udaro egiten baitzituzten: “Covid ostean utzi zen txapelketak egiteari, eta gazte asanblada sortuta, nahiko errez antolatu genezakeen zerbait zela pentsatu genuen”.
Pala txapelketa atzo [abuztuak 3] jokatu zuten, Ibarrangeluko frontoian eta sei bikotek parte hartu zuten. Futbito txapelketa, berriz, oraindik martxan dago, zortzi talde izan baitira izena eman dutenak: “Antolatzearen ardura lehenengoz hartu dugula ikusita, kopuru polita dela uste dugu”, Pala txapelketa “proba bezala” hartu dute antolatzaileek, helburua nola funtzionatzen zuen ikusi eta datozen urteetan “txukunago” antolatu eta “jende gehiago animatzea lortu” ahal izateko; hala ere, aurtengoa ere “nahiko txukun” atera zaie, herrian “girotxoa” sortu duela ikusi baitute. Izan ere, bi txapelketetan herriko zein “inguruko herrietako” jendea elkartu da.
EGITARAUA
- 12:00. Txupinazoa eta brindisa.
- Ondoren. Kamisetak serigrafiatu eta gazte argazkia atera.
- 14:30. Gazte bazkaria.
- 16:00. Bingo musikatua.
- 18:00. Gazte Olinpiadak.
- 20:00. Bafle poteoa Elexaldetik.
- 21:30. Kontzertua: Bier Seit.
- 22:30. Karaokea.
- 23:00. DJ-ak: DJ Larraz eta DJ Etxeko.
Argazkiak: Ibarrangelu eta Elantxobeko Gazte Asanblada