Etxeko puntistak, finalaurrekoetarako sailkatuta
Gernikako Grand Slameko finalaurrekoak zapatuan [abuztuak 9] jokatuko dituzte, eta final handia, San Roke egunez [abuztuak 16]. Finalerako sarrerak gaur [abuztuak 3], 12:00etan jarriko dituzte salgai.
Argazkia: Eraman Jai Alaiko udako lehiaketako ligaxka amaitu da, eta horregaz batera erabakita geratu dira Gernikako Grand Slameko lau finalistak. Udalerriko bertako bi puntista hartu ditu txapelketak, eta biak bizirik iritsi dira kanporaketa fasera, sasoi onean gainera. Unai Lekerika gernika-lumotarrak eta Aritz Erkiaga ispastertarrak osatutako bikotea A multzoko lider gisa sailkatu dira finalaurrekora; Xabier Barandika gernika-lumotarra eta Gorka Sorozabal miarriztarra, berriz, B taldeko multzoburuak izan dira. Hala, biak izango dira zapatuko [abuztuak 9] finalaurrekoetan; aurrean Jean Dominique Olharan eta Thibault Basque eta Ludovic Laduche eta Imanol Lopez bikoteak izango dituzte, hurrenez hurren.

Argazkia: Eraman
Hirugarren jardunaldiko azken bi partidak lehiatu ziren zapatuan [abuztuak 2] Jai Alai pilotalekuan. Johan Sorozabal – Julen Del Rio eta Laduche – Lopez bikoteen arteko neurketak eman zion hasiera jaialdiari. Atzelari zumaiarrak tantuak dominatu eta Del Rio gasteiztarra bere tokitik ateratzea lortu zuen, lehen setean oso seguru agertuta. Hala, 6-15 amaitu zuten. Bigarren setean pilotakada gogorrak bota eta aurrerapausoa ematen saiatu zen gasteiztarra baina lehenengoan baino hobeto aritu arren, ez zuen esperotako emaitzarik lortu. Bigarren seta 12-15 galduta txapelketatik kanpo geratu ziren. Bigarren partidan, Lekerika eta Erkiaga faboritoak ziren eta ez zuten hutsik egin. Lehen seta hasteagaz batera Eñaut Urreisti eta Mikel Mantzisidorren aurretik jartzea lortu zuten- Ispartertarrak sakean “arazoak” izan bazituen ere, Mantzisidorren ez-ohiko akats batzuk baliatuta abantailari eusteko gai izan ziren. Horrela, bi setak irabazi (15-12 eta 15-10) eta finalaurrekoetara multzoburu legez sailkatzea ziurtatu zuten.

Argazkia: Eraman
Barandika eta Sorazabalek iragan astean lortu zuten finalaurrekoetarako sailkapena, Johan eta Del Rio bi setetan mendean hartuta (12-15 eta 10-15). Gernika-lumotarrak eta miarriztarrak nahikoa zuten set bat irabazteagaz, baina bikote lehiakorra dela erakutsi zuten azken unera arte. Ligaxkako bi partidetan bikote sendoa osatzen dutela argi utzi dute puntistek: B multzoko lider legez lortu dute zapatuko finalaurrekorako txartela. Ion Ibarluzearekin batera Mutriko Master Serieseko txapela jantzi ostean, Sorozabalekin etxeko txapelketako janzteko gogoz da Barandika.
Finalerako sarrerak. Finalaurrekoak zapatuan lehiatuko dituzte, 21:00etatik aurrera, eta sarrerak dagoeneko salgai daude, 15 euroren (+kudeaketa gastuak) truke. Final handia, berriz, San Roke egunean [abuztuak 16] lehiatuko dute, ohi legez. Hala ere, zesta punta zaleek adi egon beharko dute, finalerako sarrerak ere gaur jarriko baitituzte salgai, 12:00etan, Eraman Jai Alairen orrialdean bertan. Sarreren prezioa 20 eurokoa (+kudeaketa gastuak) izango da.