Emakume migratzaileen errealitatea bistaratzea helburu
Mugarik Gabeko Etorkinak elkarteak 'Irregulartasuna indarkeria anizkoitza eta desentralizatua da' argazki-erakusketa antolatu du, eta abuztuaren 30era arte bisitatu ahalko da, Frantsizkotarren klaustroan.
Hego Amerikako, Afrikako, Asiako eta Europako hainbat herrialdetako pertsonek osatutako dago Mugarik Gabeko Etorkinak elkartea, 2008az geroztik “mugarik gabeko gizartea” sustatzeko xedeagaz lan egiten duena. 2014tik zaintza eta etxeko langile diren emakume migratzaileak laguntzeko misioagaz dihardute, batez ere, “egoera irregularrean” daudenak. antolatuta ez daudenak edota guraso bakarreko familia buru direnak. Horiek ikusarazteko asmoz, Irregulartasuna indarkeria anizkoitza eta desentralizatua da argazki-erakusketa antolatu dute, abuztuaren 30era arte [zapatua] Bermeoko Frantziskotarren klaustroan ikusgai egongo dena, 09:00etatik 13:00etara arteko ordutegian.
Elkartekideek helburutzat duten gizartea “eraldaketa sozialagaz konprometitua, ez patriarkala, inklusiboagoa, bidezkoagoa, berdintasunezkoagoa eta Lurrarekiko konprometitua” da. Horregatik, erakusketagaz “etxeetako emakume zaindariek, eta batez ere LGTBI komunitatearen parte direnek bizi duten indarkeria bistarazi” nahi dutela azaldu du Angela Burbano Ordoñez elkarteko teknikariak: “Ezkutatu nahi den errealitatea bistaratzen dugu, egoera administratibo irregularrean dauden milaka emakume migratzaileek bizi duten errealitate deserosoa mahaigaineratuz”.

Endika Etxebarria berdintasun zinegotziarentzat dagoeneko klaustroan ikusgai dagoen erakusketa “oso berezia” da, “kutsu sozial potentea” duelako: “Imigranteen inguruko kutsua du, eta bermeotar zein ingurukoak erakusketa ikustera animatzen ditut, benetan oso potentea delako”. Bertaratzeko deiagaz bat egin du Burbanok: “Erakusketa ikusi eta indarkeria mota horri aurre egiteko gutariko bakoitzak zer egin dezakeen pentsatzera animatzen dugu jendea, gizartea eraldatu ahal izateko”.
Testigantzak.
Klaustroan zehar banatutako panel ezberdinetan elkartea osatzen duten emakume ezberdinen egoera eta gogoetak aurkezten dituzte, besteak beste Katherin Ocampo Salazarrena. Duela 16 urte bere jaioterria atzean utzi behar izan zuen Ocampok, bere “etorkizuna idatzita” zuenaren sentsazioagaz: bere amak, izebak eta amonak egin legez, zaintza eta garbiketa lanak izango zituen ogibide.

Berak baina, bestelako lanbide batekin amets egiten zuen eta administrazio ikasketak egin zituen: “Zikloarekin apurtu nahi zuen, emakume migratua bazara zure etorkizuna garbiketagaz lotuta dagoela dioen kate ikusezina hautsi“. Ocampok baina ez zuen ikasketekin loturiko aukera profesionalik aurkitu.
Ikasketak izan arren lana ez aurkitze horren arrazoiak argi dituzte elkartean: “Bigarren belaunaldiko migratutako emakumea izateak ez zaitu estigmatik libre uzten”. Nabarmentzen dutenez, familia berriz biltzeagatik agiriak behar bezala izateak “ez ditu eskubide eta aukera errealak bermatzen”. Ocampo “bizirauteko” garbiketa lanerata itzuli zen: “Nahiz eta paper guztiak eguneratuta izan, estigma eta prekarietateak hor jarraitzen zuen. Arrazismoa eta klasismoa ez direlako agirietan geratzen”.

Hala ere, Ocamporena “porrot historia ez dela” azpimarratu dute: “Esfortsu handiz, formakuntzagaz eta indar miregarri batekin, gaur Mugarik Gabeko Etorkinak elkarteko teknikari eta informatikaria da”.