Bermeo-Urdaibai, gero eta hobeto
Denboraldiko emaitzarik onena lortu du 'Bou Bizkaia'-k Hondarribiako uretan, eta Lekeition bosgarren amaituta, sailkapeneko laugarren postuaren lehian sartu da.
Argazkia: Bermeo Arraun Argazkiak Eusko Label Ligaren hasiera gogorra izan da Bermeo-Urdaibaiko arraunlari zein zaletuentzat, aurreko urtean dena irabaztetik, orain arteko estropadetan banderak lortzetik urrun egotera igaro direlako. Hala ere, iragan astean Getxoko uretan emandako aurrerapausoa berretsi du asteburuan Hondarribian: Bermeoko eskifaia bigarrena izan zen zapatuko estropadan [abuztuak 2]. Denboraldiko 10. jardunaldia Lekeition lehiatu zuten atzo [abuztuak 3], eta Jon Salsamendirenek bosgarren bukatu zuten.
Sailkapen orokorrean bosgarrena izanik, bigarren txandan uretaratu zen Bou Bizkaia Hondarribian, San Juan, Ares eta Getariagaz batera. Hasieratik nagusi izan ziren bermeotarrak, eta lehen ziabogarako San Juan eta Aresekiko 10 segunduko aldea zuen. Ez hori bakarrik, lehen txandako marka onenarekiko 15 segunduko abantaila zuen. Getariak, bestalde, hurbiletik jarraitzen zuen Bermeoko eskifaia, bigarren luzean Salsamendirenek estropada haustea lortu zuten arte. Iñigo Larrinaga patroi, bigarren ziabogara iristerako getariarrekiko aldea 13 segundokoa zen, eta hirugarrenean, 20 segundukoa. San Juan eta Ares ere lehiaz kanpo ziren erabat. Hala, Bermeo-Urdaibaik 20.33,55eko denboran gelditu zuen erlojua, hirugarren txandaren faltan, jardunaldiko marka onena ezarriz.

Argazkia: Bermeo Arraun Argazkiak
Denboraldiko lau onenak uretaratu ziren gero, eta Gipuzkoako Traineru Txapelketaz geroztik egiten ari den bezala, Oriok erakustaldia eskaini zuen. Urdaibain ondo ezagutzen duten Iker Zabala bermeotarrak zuzendutako taldeak ez zien inolako aukerarik eman aurkariei eta lehen arraunkadatik bere nagusitasuna erakutsi zuen. Gorka Aranberri Bou Bizkaiako patroi ohiak ezarritako erritmoa jarraitu ezinik aritu ziren denak, eta San Nikolasak denboraldiko zazpigarren bandera -bederatzi jardunalditan— bereganatu zuen, 20.19,22ko markagaz. Hala ere, ohorezko txandako gainontzeko taldeak ez ziren bermeotarren denbora hobetzeko gai izan. Bermeotarrek 11 puntu poltsikoratu, sailkapen orokorrean jausia eman eta Lekeitioko estropadan ohorezko txandan uretaratzeko sailkapena lortu zuten.
Lekeition, bosgarren. Zapatuko estropada eskasari buelta eman eta atzoko Lekeitio estropada bigarren txandatik eskuratu zuen Zierbenak. Bermeotarrak ohorezko tandan aritu ziren Orio, Donostiarra eta San Juanegaz batera eta txandako marka onena ezarri zuten (4:47). Hala ere, batek ere ezin izan zuen galipoen denbora (4:46) hobetu. Bigarren luzean baina, Oriok aurrerapausoa eman eta tandakoak bakarrik ez, Zierbenaren denbora ere lau segungotan murriztea lortu zuen. Zortzigarren bandera eskuratzetik gertu zegoen San Nikolasa azken ziabogan galipoekiko denbora galtzen hasi zenean. Hala, 20.07,06ko denboragaz amaitu zituen lanak Zabalaren taldeak, Zierbenak baino segundu bat eta 68 ehunen motelako (20.05,38). Bou Bizkaiak hirugarren bukatu zuten txanda (20.27,10), eta bosgarren berriz, jardunaldia.

Argazkia: Bermeo Arraun Argazkiak
Asteburuan eskuratutako 19 puntuekin sailkapen orokorreko laugarren postuaren lehia bizitu dute bermeotarrek; gaur gaurkoz bosgarrenak dira 84 puntugaz. Bederatzi estropadaren —zortzi bandera– faltan, Lekeition laugarren bukatu zuen Ama Guadalupekoa da Eusko Label Ligako laugarrena, 86 puntugaz. Bou Bizkaiak laugarren postua bereganatzeko saiakera egingo du asteburuan, Galiziar uretan. Zapatuko [abuztuak 9 ] estropada A Pobra do Caramiñalen (Coruña) egingo dute, eta domekakoa, Boiron (Coruña).