Festa giroa eta dantzaldiak nagusi, San Inazio egunean
Bedaronan herri kirol desafioa ikusteko batu dira herritarrak; Laida eta Foruan, berriz, herriko dantza taldeak izan dira protagonista. Foruarrek gainera hitzordu bikoitza dute gaur, Urdabai Dantza Taldeak eta Galizako Do Lusco o Fusco taldeak emanaldia eskainiko baitute arratsaldean.
San Inazio egunagaz [uztailak 31] datorren urtera arte jaiak agurtuko dituzte askok, baina pena biharko utzi eta gaurkoan festaz gozatzeko aukera egin dute herritarrek, tartean Bedaronan eta Laidan. Foruarretzat jaiak bihar jarraituko badu ere, tradizioari eutsiz, gogotsu atera dira kalera San Inazio eguna euskal dantzen erritmora ospatzeko.Ā
Eskualdean goiztiarrenak foruarrak izan dira, 11:30 aldera diana izan baitute herriko txistularien eskutik. Hala, herriko jai nagusiei izena ematen dion eguna ospatzeko arropa dotoreak jantzita, San Martin de Tours elizarako bidea hartu dute. Meza entzun ostean, txistularien atzetik kalejiran, plazara iritsi dira. Bertan, tradizioari jarraiki alkateari baimena eskatuta, Urdaibai Dantza Taldekoek elizpeko erregelak dantzatu dituzte. Nabarmendu dutenez, dantza hau “antzina” egiten zen udalerrian, eta dantza taldeak 1981. urtean berreskuratu zuen: “Aurten elizpeko erregelak dantzatzen ditugun 44. aldia da; datorren urtean 45. aldia izango da, ea zerbait berezia egiten dugun”.Ā

Dantzaldiaren ostean jan-edanean elkartu dira batzuk, beste batzuk, berriz, beroari ihesi, arratsaldeko hitzordua iritsi bitartean atseden hartzea erabaki dute. Izan ere, arratsaldean ere dantzaldia izango dute festagaz jarraitzeko aitzaki. Gaurko egunez, Urdaibai Dantza Taldekoek atzerriko dantza talde bat gonbidatzen dute beraiekin batera plaza hartu eta beraien jaioterriko dantza eta ohiturak partekatzera; iaz, esaterako, Serbiako dantza talde bat izan zen Foruan. Azaldu dutenez, dantza taldea Bakioko Itxas Alde Dantza Taldeagaz batera gonbidetzen dute, “hitzarmen modukoa” dutelako; hori horrela, aurten “hurbilagokoa” den taldea hartuko dute. Galizako Do Lusco o Fusco izango da aurten udalerriko dantza taldeagaz batera Dantzarien Plazan emanaldia eskainiko duena. Hitzordua 19:30erako dute ipinita.Ā
Biharkoa [abuztuak 1] egun “konplikatua” izango dela aurreikusten du Mikel Magunazelaia Foruko alkateak, besteak beste ez dakitelako zenbat jende urreratuko den herrira, ezta Gazte Egunak zer erantzun izango duen. Hala ere, orain arte jasotako “feedback onagaz” pozik, jaiak azken unera arte disfrutatzeko prest dago. Tortilla txapelketan batuko dira goizean handik eta hemendik etorritako gazteak, eta arratsaldean ez dira Lilibertsoko bertsolarien bertso eta koplak faltako. Gauaz berriz, zuzeneko musika izango da protagonista Gabinet, Marte Lasarte, Kaos Etiliko eta DJ Gorriontxu eta Laztana pasako baitira oholtza gainetik.Ā
Eguzkipean kozinatzen.Ā
Foruan bezala hasi dute gaur eguna Laidan: baselizan meza entzuten. Foruan ez bezala, ordea, herriko dantzari txikiak izan dira emanaldia eman dutenak, Lorea Ume Dantza Taldeak hartu baitu plaza eguerdian. Senide, lagun eta turisten gozamenerako hainbat dantza eskaini dituzte, eguraldi beroari aurre eginez.Ā

Dantzaldia amaituta, bazkaria prestatzeko ordua iritsi zaie herritarrei. Patatak garbitu, zuritu, txikitu… aritu dira ermita inguruan batu diren lagun taldeak, tortilla txapelketako saria bereganatzeko ilusioz. Hala ere, txapelketa elkartu eta ondo pasatzeko aitzakia dela azpimarratu dute denek. Aurten hamalau izan dira aurkeztu direnak, eta denen artean giro ona eta egunaz gozatzeko nahia izan dira nagusi. Arratsaldean, Babelian taldearen erritmora dantzatuz agurtuko dituzte jaiak.Ā
Herri kirolak irabazle.Ā Bedaronan dantzaz ez, baina bestelako kirol ekitaldiez gozatu dute San Inazio egunez. Lehenengo nesken esku pilota partiduak ikusteko elkartu dira, eta eguerdian, herri kirol desafioa ikusteko aukera eduki dute: Julen Iturraspe eta Ainize Perez trontzan aritu dira, Aitor Larrinaga aizkoragaz, Andoni Larrinaga motozerragaz eta Joseba Attard ardi-ile mozketagaz.

Argazkia: Bedaruko Jai Batzordea
Arratsaldean berriz kultur ekitaldiak izango dira protagonista, txalaparta, alboka eta deiadar emanaldiaren aurretik Oh pera antzerkiagaz gozatuko baitute. Bedaruko Jai Batzordeak aurten ezarritako berrikuntzetako bat 19:30ean iritsiko da, ordu horretan lehiatuko baitute Bedaruko I. Irrintzi Txapelketa. Ostean, DJ Koet arduratuko da festa giroa berandura arte luzatzeaz.Ā