Euskal presoen etxeratzearen aldeko aldarriz beteko dituzte hondartzak
Sare eta Etxeratek hondartzetako mobilizazioa deitu dute domekan [abuztuak 3], 'Behin betiko txanpa etxera' lelopean. Besteak beste Eako hondartzan, Ibarrangeluko Laga eta Laidan eta Mundakako Laidatxun jarri dituzte hitzorduak, 12:00etan.
Behin betiko txanpa etxera lelopean, hondartzetako mobilizazioa deitu dute, beste urte batez, Sare Herritarrak eta Etxeratek, domekan [abuztuak 3], 12:00etan. Euskal Herriko 11 hondartzetan jarri dituzte aurten, “urte eta testuinguru askotan” egin diren euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea aldarrikatzeko hitzorduak, tartean, Eako hondartzan, Ibarrangeluko Laga eta Laida hondartzetan eta Mundakako Laidatxu hondartzan.
Sasoi batean “dispertsioaren amaitzearen aldarrikapen” bihurtu zen, jende asko hondartzaz eta oporrez gozatzen zegoen bitartean beste askok senideak ikusteko”kilometro asko” egiten ari zirela bistaratzeko: “Jende asko hondartzan dago, normala den moduan, baina beste asko, asteburu horretan zein beste askotan, urte guztian moduan, kilometroak egiten zeuden euren senide eta hurbilekoei kartzelan bisitak egin ahal izateko”. Azken urteetan “zorionez” testuingurua aldatu egin dela onartu dute deitzaileek, “hoberantz” joan dela zehaztuz. “Dispertsioaren bukaera aldarrikatzen zenetik, etxeratzearen aldarrikapenera pasatu den ekimen bat da”.
Hala ere, “nahiz eta Hego Euskal Herriko espetxeetan egon”, gaur gaurkoz oraindik 111 euskal preso daudela gogoratu dute. Euskal preso horietako bi, gainera, Frantziar estatuko espetxeetan daude oraindik, horietako bat Jabi Abaunza gernika-lumotarra izanik: “Testuingurua aldatu da, baina erabateko etxeratzea osatu barik dago oraindik; hondartzeko ekimenaren bitartez oraindik soluzio gabeko egoera batean aurkitzen garela aldarrikatu nahi da. 111 euskal preso, 17 iheslari eta 3 deportatu egoteak soluzioa gauzatu barik dagoela esan nahi du”. Antolatzaileen ustez, Euskal Herrian elkarbizitzaren bidean aurrerapausoak emateko auziaren soluzioa “erabatekoa” izatea “ezinbestekoa” da: “Preso eta senideentzat lehenengo, hurbilenekoak direlako, baina guk ulertzen dugun moduan, euskal jendarte guztiarentzako ere onuragarria da”. Izan ere, urte luzez egondako gatazka baten parte handi bat konponduko litzatekeela uste dute.
Kontzientziazioa. Eskualdeko hondartzetako aldarrikapenekin “birgogorapen eta kontzientziazioa” indartu gura dituzte, hondarretako testuinguruaren ahalbidetzen dituen ezaugarriak baliatuz: “Piraguekin ere gauzatuko da aldarrikapena, hondartzetatik pasatu gara baina gero ekitalditxo bategaz amaituko dugu, Laidaren kasuak, esaterako, koru eta musikagaz”. Domekako hitzordua uda eta opor sasoian ere soluzio bako auzi bati “ekarpen positiboa” egiteko aukera izan daitekeela defendatu dute: “Guretzat ekimen horrek izan ahal duen oihartzuna esanguratsua da; gure kostaldea datorren jende asko dago, gero eta turismo gehiago dago eta jakin dezaten herri honetan badagoela gehiengo sozial bat euskal preso eta iheslarien etxeratzearen alde dagoena, eta hondartzetan ere aldarrikatzen dugula hori.
Hala, Etxerateko ikurrak hartu eta Eako hondartzara, Laidara, Lagara edo Laidatxura bertaratzeko deia egin dute, “irudi ikonikoak” sortu eta euskal preso eta iheslarien Behin betiko txanpa etxera aldarrikatzeko.