Herritarrek esandakoa "aintzakotzat hartu eta errespetatzea" eskatu dute
Herritarrek Busturialdea-Urdaibairen etorkizunerako entzute prozesuaren lehen ondorioen txostenean adierazitako "informazio faltari" aurre egiteko, "proiektua berehala publiko egitea" eskatu Guggenheim Urdaibai Stop plataformak.
Agirre Lehendakaria Center Fundazioak Busturialdea-Urdaibai eskualdearen etorkizunari buruzko entzute-prozesutik ateratako lehen ondorioak ezagutarazi zituen iragan eguaztenean [uztailak 23], eta Guggenheim Urdaibai Stop plataformak horien aurrean “instituzioek erakutsitako isiltasuna” salatu du. Plataformakoek herria entzutea “nahikoa ez dela” azpimarratu dute, esandakoa “aintzakotzat hartu eta errespetatu” egin behar dela aldarrikatuz.
Otsailean Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak entzute prozesua aurrera eraman zuenean bere zalantzak publiko egin zituen plataformak, baina hala ere, “zuhurtziaz”, prozesuan parte hartzea erabaki zuten, “instrumentalizazio izpiren bat ikusiz gero berehala prozesutik irtengo zirela argi utzita”.
Guggenheim Urdaibai Stopetik “argi” dute eskualdeak ez duela Guggenheim museorik behar, eta “prest” daude entzute prozesuan zein “martxan jartzen dituzten kanpaina guztietan” horrela adierazteko: “Kaleetan herritarrek adierazitakoa nahikoa ez bada, prozesu honetan ere gauza bera errepikatu eta dokumentatuta gelditzea salaketa modua dela deritzogu”. Hala, Imanol Pradales Lehendakariak emandako adierazpenak gogora ekarri dituzte: “Lehendakariak ondo esan zuen, ‘ezin da gobernatu herriari entzun barik’. Hementxe du aukera aparta eredu izan eta esandakoa betetzeko”.
Muruetatik kanpo.
Lehen ondorioak aztertuta, Bilboko Guggenheim museoaren handipena egiteko lekua Murueta izango ez dela “argi” ikusi dute plataforma-kideek: “Beti esan dugu Biosfera Erreserbaren bihotza dela”. Eremu hori “egoera zaurgarrian” dagoela azpimarratu dute, “saturazio zantzuak” erakusten dituela gehituta: “Berehalako, premiazko, kudeaketa jasangarri aktiboa eskatzen du”.
“Muruetatik urruntzea biosfera erreserbaren bihotza salbatzea litzateke, baina ez gaude ez giltzurrunik ez birikarik sakrifikatzeko prest”
Era berean, Murueta baztertzeak “beste kokapen bat emateko aukera” zabalduko duela antzeman dute, eta horren aurrean Busturialdeak “horrelako makro-proiektu turistikorik” hartu ezin duela azpimarratu dute: “Muruetatik urruntzea biosfera erreserbaren bihotza salbatzea litzateke, baina ez gaude ez giltzurrunik ez birikarik sakrifikatzeko prest”. Guggenheim Urdaibai Stopetik adierazi dutenez, handipena Muruetan egiteak suposatuko lituzkeen “lege urraketak ekiditeak” ezin ditu turismo masiboak Busturialdera ekarriko lituzteken “albo kalte guztiak” ordezkatu: “Gure esku dagoen guztia egingo dugu batak ez dezan bestea ordezkatu”.
Informazio falta.
Agirre Lehendakaria Centerretik publiko egindako lehen ondorioen arabera, bost patroi narratibo antzeman dituzte eskualdean. Plataformakoek laugarren narrazio-patroian jarri dute fokua, talde horretakoak baitira Guggenheim Urdaibai proiektua ezagutu barik horren inguruan iritzia ematea “ezinezkoa” zaiela adierazi dutenak: “Beharrezkoa ikusten dugu Guggenheim Urdaibai proiektua berehala publiko egitea; informazio eta gardentasun falta da adierazpenik errepikatuena, eta herritarren narratibak zehatzak izatea bada benetan helburua, beharrezkoa da proiektu hau ezagutzea”.
Hala, proiektua “gaur bertan” bertan behera utzi eta eskualdearen beharrei “arduraz” erantzuteko eskatu die erakundeei: “Garbitu kutsatutako lurrak eta akuiferoa. Hainbat aldiz aho zabalez esan duzuenez, egin leheneratze lanak. Baldintza barik eta biosfera erreserba errespetatuz”.
Nabarmendu dutenez, txostenaren emaitzen irakurketa “oker edo interesatua” egiteak prozesuarekiko errespetu eza erakusten du: “Guggenheim Urdaibai proiektuak oposiziorik ez duela esatea manipulazio hutsa da; izan ere, herritarrek beste azpiegitura kultural batzuk onartzeko prest daudela esan dute”. Busturialdea-Urdaibai Eskualdeko Plan Estrategikoa eta bertan jasotako azpiegitura kultura jarri dute adibide: “Dagoen eraikin bat aprobetxatu museoa egiteko; zementu gehiago bota barik eta legeak bihurritu gabe”.