Pas Giannina, Europako mahaian jesartzeko azken oztopoa
Lointek Gernika Bizkaiak Pas Giannina talde greziarraren kontra jokatuko du, partidu bitara, Eurocup Women txapelketara sailkatzeko aurretiazko kanporaketa. Irailaren 18an Grezian jokatuko dute joaneko partidua, eta 25ean, ostera, itzulerako partidua, Malosten.
Lointek Gernika Bizkaiak Pas Giannina talde greziarraren aurka bai ala bai gailendu beharko du, hurrengo denboraldian Eurocup Women txapelketa lehiatuko baldin badu. Talde gernika-lumotarrak irailean jokatuko du, partidu bitara, europar txapelketaren aurretiazko kanporaketa. Irailaren 17an, Grezian jokatuko dute joaneko norgehiagoka; itzulerakoa, hilaren 25ean, Malosten. Granateek, garaipena lortuko balute, C multzorako sailkapena poltsikoratuko lukete. Kasu horretan, gainera, beraien arerioak zeintzuk izango liratekeen ere badakite: NKA Universitas Pecs hungariarrak, Elitzur Ramla israeldarrak eta Sportiva/Azoris Hotels portugaldarrak.
Pas Gianninaren aurka jokatzea suertatu zaiela jakin berritan, taldeko entrenatzaile Lucas Fernandezek adierazi du “erabateko errespetuz” jokatu beharko dutela: “Jakitun izan behar gara aurkari horrek partidu gaitza planteatuko duela; hortaz, bere mailan jokatzeko prestatu beharko gara eta, alde horretatik, prestaketara emanak gaude erabat”.
Lucas Fernandez: “Jakitun izan behar gara aurkari horrek partidu gaitza planteatuko duela; hortaz, bere mailan jokatzeko prestatu beharko gara”
Aurretiazko kanporaketa jokatu beharko zutela jakin zutenez geroztik, denboraldiaurrea “apur bat aurreratu” behar izan zuten, ikasturteko lehendabiziko erronka handi horri “bermeekin” heltze aldera: “Jokalariek eta lantalde osoak egundoko prestutasuna erakutsi dute, lanean hasterako orduan. Pixkanaka-pixkanaka, arerioaren jokoari buruzko informazioa jasotzen joango gara, partidua ahal bezainbeste prestatzeko”. Ane Olaeta jokalari gernika-lumotarrak Europan jokatzeak beregain duen “berezitasuna” azpimarratu du: “Taldearen eta Gernika-Lumoren izena Europan barrena eroan ahal izatea beti da berezia, eta aurtengorako prest gaude”.
Kanporaketa hori, baina, ez da Malosteko taldearen inguruko berritasun bakarra. Izan ere, Esther Matarranz jokalari madrildarraren fitxaketa plazaratu dute. Matarranz datorren denboraldirako aurkeztu duten hamargarren jokalaria da, eta oraingo honetan taldeak gaztetasunaren alde egin du apustua. Hain zuen, 2003an jaiotako jokalaria da, azken denboraldian NCAAko California Riverside Unibertsitateagaz jokatu duena; azken sasoian 6 puntu eta 7 errebote lortu ditu.
Esther Matarranz: “Emakumezkoen Endesa Ligan nire tokia egin gura dut”
Madrildarra “ilusio handiz” agertu da, bere fitxaketa dela eta. Bere helburua taldeari “bereak lortzen laguntzea” dela azaldu du, ikastea jomuga nagusi izango duela aurreratzeagaz batera: “Emakumezkoen Endesa Ligan nire tokia egin gura dut”. Orain arte bistaratutako bilakaera eta proiekzioa, behintzat, lagun izango ditu, Fernandezen ustez: “4 eta 5 postuetan joka dezake, bere mugikortasun zein presentzia fisikoari esker. Ilusio handia eta hobetzeko gosea erakusten dituen jokalari horietakoa da, eta seguru hori taldearen eskutik lortuko duela”.
Azken fitxaketarekin, lointeken lantaldea honako jokalariek osaturik dago: Laura Westerik, Ane Olaeta eta Naia Zubiaga gernika-lumotarrak, Ángela Salvadores, Emily Bessoir, Esther Castedo, Masa Jankovic, Joy Adams, Sarah Polleros eta Matarranz. Edozelan ere, taldeko arduradunek aurreratu dute lantaldea oraindik ez dagoela zarratuta.