Estreinaldia, erlojuaren kontra
Zapatuan [uztailak 26], Muruetako Ikurriña estropada KAE2 ligan estreinatuko da. 18:30ean hasita, parte hartzaileek erlojupeko saioa egin beharko dute. Parte hartzaileen artean egongo da Busturialdea Arraun Elkartea.
Arraun denboraldiak, eta bereziki KAE2 ligak, geltoki berria dute aurtengo denboraldian. Zapatu honetan [uztailak 26], 18:30ean hasita, Murueta Ikurriña estropada lehiatuko dute estreinakoz. Parte hartzaileek Gernika-Lumo eta Murueta lotuko dituen erlojupeko saioari aurre egin beharko diote; luze biko proba edukiko dute aurrez aurre. Partaideen artean egongo dira KAE2 mailako talderi puntakoenak, bait eskualdeko arraun taldea ere: Busturialdea Arraun Elkartea.
Etxeko ikusleen aurrean lehiakor agertzea eta, denboraldi hasieran aurreratu legez, lehen hiru postuen inguruan aritzea izango da Busturialdearen egitekoa. Hain zuzen ere, iragan asteburuan hitzordu bikoitza eduki zuten. Batetik, zapatuan [uztailak 19], VII. Orioko Kanpina Ikurrinan aritu ziren; Hibaika Susperregi izan zen bizkorrena, eta Busturialdea, berriz, laugarren postuan helmugaratu zen. Bestetik, domekan [uztailak 20], 43. Portugaleteko Banderan, postu berbera lortu zuten, baina proba hura Orio Orialkik irabazi zuen. Liga sailkapenean, Busturialdea laugarrena da egun, 25 puntu poltsikoratuta. Aurretik ditu Orio (44 puntu), Hibaika (39 puntu) eta Portugalete (36 puntu).
ETE ligari dagokionez, datorren domekan [uztailak 27], III. Santurtziko Ikurriña lehiatuko dute, 11:15ean hasirik. Bertan egongo dira Ondarroa eta Isuntza. Maila horretako sailkapenean, Zarautz Gesalaga Okelan (76 puntu) eta San Juan-CMO Valves (73 puntu) dira argi eta garbi sendoenak, Kaiku Red Electricaren aurretik (65 puntu). Ondarrutarrak, 50 punturekin, taulako laugarrenak dira, lekeitiarrak, berriz, seigarrenak, 33rekin.
Hain zuzen ere, iragan zapatuko [uztailak 19] IV. Hernaniko Banderan postu horietan sailkatu ziren Lea-Artibaiko klub biak, Zarautz gidari izan zuen proban. Domekan [uztailak 20], aldiz, Portugaleten egin zuten arraunean, eta, hurrenez hurren, bosgarren eta seigarren postuan amaitu zuten ondarrutarrek eta lekeitiarrek; garaipena San Juanek lortu zuen.