Busturiko Udalak bizitegi-eraikinetako beheko solairuetan etxebizitzak egokitzea proposatu du
Busturiko Udalak herritarrei etxebizitzen inguruko arazoei aurre egiteko tresna berriak eskaintzeko helburuz, ordenantza bat sortzeko proposamen bat aurkeztu du Gobernu Batzordean.
Busturiko Udalak herriko bizitegi-eraikinetako beheko solairuetan etxebizitzak egokitzeko aukera planteatu du, etxebizitzaren premia ugaria kontuan izanik. Hala, udal gobernuak herritarrei etxebizitzen inguruko arazoei aurre egiteko tresna berriak eskaintzeko helburuz, ordenantza bat sortzeko proposamen bat aurkeztu du Gobernu Batzordean, kontsulta publikoaren bidez herritarren, erakundeen eta herriko elkarte desberdinen iritzia ezagutzeko.
Aitor Aretxaga Busturiko alkateak gazteetan jarri du begirada: “Ekimen honekin lokal hutsen arazoari eta etxebizitza berrien beharrari irtenbidea eman nahi diogu, espazio hauen erabilera egungo beharretara egokituz. Badakigu etxebizitza eskuratzea ez dela erraza, gure gazteek askotan nahi dutela eta ezin dutela beren bizilekua herrian ezarri. Horregatik, ordenantza berri hau landu dugu, gure auzokideen emantzipazioa ahalbidetzeko tresna bat gehiago dena”.
Izan ere, uste dute Busturia garatzeko eskura dituzten tresna guztiak baliatu behar dituztela, eta horretarako etxebizitza-arazoari aurre egitea funtsezko faktoretzat du Aretxagak. Eta, beheko solairuetako lokalak etxebizitza bihurtzeko, ordenantza bat sortu behar da. Ordenantza horretan, baldintzaren bat zein beste ezarri behar direla eman dute aditzera Busturiko Udaletik; esaterako, lokalaren gutxieneko azalera, bizigarritasuna eta indarrean dagoen hirigintza-araudira egokitzea.
Tokiko merkataritza funtsezko beste balio bat den heinean, proposatzen den araudi berriak “zehatz-mehatz aukeratuko ditu merkataritza-interesa duten udalerriko eremuak”. Horrela, tokiko negozio hauen iraunkortasuna ziurtatu nahi dute, Busturian merkataritza aktibo mantentzea, eta merkataritza ekimen berriei aukerak irekita uztea kontuan izanik. Sortu nahi den ordenantzak, nabarmendu dutenez, “etxebizitza erabilgarrien kopurua handitzea” ahalbidetuko du, “lurzoru berria erabiltzeko beharrik gabe, eta aldi berean, lokal erabilezin horien jabeei irteera bat ematea”. Gainera, etxabe horiek dauden eremuaren irudia hobetuko da, eraikitako ondarea optimizatuz eta, batez ere, pertsonei etxebizitza duina izateko eskubidea erraztuz.
Lana errazteko
Aretxagak ordenantzaren helburua azaldu du: “Helburua lokal horiek etxebizitza bihurtzea da, merkataritza-establezimendu gisa. Honekin eskaintza handitu eta etxebizitza eskuratzea erraztuko da. Neurri horretan asko zainduko dugu herriaren merkataritza-garapena ez kaltetzea”. Udalak parte hartzea ahalik eta gehien erraztu nahi duenez, alegazioak aurkezteko eta iritziak eta iradokizunak aurkezteko epea zabalik egongo dela aurreratu dute, ordenantza proposamena udal webgunean argitaratzen den egunetik irailaren 15era arte.