Milaka sentimen mugiarazten dituen horma bakarra
Azkarai-Bidaburu bikoteak irabazi du Ajangizko XI. horma bakarreko esku pilota txapelketa, finalean Xabat-Arkaitz menpean hartuta.
Finaleko protagonistak. Argazkia: Txebi Arriaga. Ajangizen, herritarrentzako elkargunerik eta topelekurik baldin bada, horma bakarreko esku pilota txapelketa izango litzateke horietatik esanguratsuenetakoa. Ondarea, herrigintza eta gastronomia kirolagaz uztartuta, iragan barikuan [uztailak 18] jokatu zuten txapelketaren XI. ekitaldia. Sei bikote kantxaratu ziren Mendietako plazako horma bakarreko agertoki berezian, eta “gogoratzeko moduko arratsalde-iluntzea” opari egin ziete bertaratu ziren herritarrei, Gantzabale Elkarteko antolatzaileen arabera.Ā
Txapelketa irekia izan zen hasieratik, baina pilota “gozo eta biziak”, frontoia ondo ezagutzeak nahiz horma bakarreko lehian eskarmentua edukitzeak “aldeak” egin zituzten. Honakoek parte hartu zuten: Perran anaiak, Azkarai-Bidaburu, Rober-Atxur, Xabat-Arkaitz, Jonro-GotzonĀ etaĀ Latxi-Artxo.Ā Txapelketa oso “fisikoa eta gogorra” izan zen hasiera-hasieratik: “Ezker paretaren babes barik jokatu zituzten partiduak; frontisetik atera zedin, pilotari gogor emanez; lurzoru ligorraren gainean; jokaldi oso esplosiboekin… lehiaketa oso gogorra izan zen”.Ā

Xabat, pilotari jotzeko puntuan.Txebi Arriaga
Xabat-Arkaitz eta Azkarai-Bidaburu bikoteek lortu zuten finalerako txartela. Ordurako, baina, jokatuak zituzten bina partidu. “Partiduak 18 tantotara jokatu zituzten, hiru ordutan hiru partidu jokatu baitzituzten; finalera sits eginda iritsi ziren pilotariak”, azaldu dute. Azken partidua, ezer izatekotan, “ikusgarria” izan zen. Azkaraik eta Bidaburuk hasiera gogorra egin zuten, eta markagailuan lehendabiziko alde garrantzitsuak urratu zizkieten aurkariei. 11 eta 5 zihoazela, Bidaburuk min hartu zuen hankan, baina ez zuen amore eman. “Arkaitz bera ere nahikoa nekatuta zegoen, baina Bidabururen ekina gogoratzeko modukoa izan zen; ia-ia hanka batekin jokatu zuen finalaren bigarren erdia”, argitu du antolakuntzak.

Aurtengo bikote garailea: Bidaburu, ezkerrean; Azkarai, eskuman.Txebi Arriaga
Ildo hartatik, bere taldekide Azkarai giltzarri izan zen, “bere pilotari sena plazaratu”, eta jokoaren ardura guztia beregain hartu zuen. Xabatek eta Arkaitzek, gogor saiatuagatik ere, ezin izan zieten aurre egin, Azkaraik maisuki dominatu baitzuen partidua: “Joko mota horretan beharrezkoak diren anguluak ederto lortu zituen, eta pilota gura zuen tokira bidali zuen”. 18 eta 12koarekin nagusitu zen Ajangizen, besteak beste, Ajuriako esku pilota txapelketa birritan irabazitako bikotea.

Muniozguren, txapela jasoz.Txebi Arriaga
Hain zuzen ere, sari banaketa ekitaldian egon zen aipatutako txapelketa horren antolatzaile eta Ajangizkoaren jarraitzaile sutsuenetako bat: Aitzol Muniozguren muxikarra. “Bai hark, bai finaleko pilotariek, ajangiztarrek herriari zer edo zer eman diotenei jantzi ohi dien zapia ipini zien lepoan; une hunkigarria izan zen inondik inora”. Garaileek, halaber, zegozkien txapelak ere jaso zituzten. Ez hori bakarrik: zozketetarako tartea ere egon zen. Urtero legez, inguruko horma bakarreko esku pilota txapelketa bakarra modurik bakarrenean biribildu zuten: txerriki janaldi herrikoiagaz. “Ezin zitzaion amaiera hoberik egin txapelketari; urtero-urtero, herritarren bilgune da, sentimendu pila bat partekatzeko tokia, euskararen arnasgunea, eta aurtengoa ere ez da gutxiago izan”.