Iker Colmenero, Mendatan garaile
Iker Colmenero eta bere talde Alimco-Campagnolo taldea nagusi izan dira 35. Mendatako Udalaren Sari Nagusian, probaren azken zatian gailendutako ihesaldiko sendoena izan ondoren.

Iker Colmenero Larrakoetxeak irabazi zuen, iragan zapatuan [uztailak 19], 35. Mendatako Udalaren Sari Nagusia. Probaren azken txanpan indartsuenek osatutako ihesaldian azkarrena izan zen Colmenero, eta bere talde Alimco-Campagnolok lasterketa osoan egindako behar aparta modurik distiratsuenean biribildu zuen.

Colmenero, helmuga harrapatuz.Danel Gorostiaga
Bizkaiko Kopako tropela osatu zuten 81 txirrindulariek 85 kilometroko eta 1.500 metro inguruko desnibeldun ibilbide gogor eta gorabeheratsuari aurre egin behar izan zioten. Lehendabiziko kilometroetatik, ihesaldiak osatzeko mugimendu ugari egon ziren tropelaren buruan, eta hark lasterketa zoro joatea ekarri zuen. Proban sartzea apur bat kostatu arren, saiakerarik indartsuenak ederto kontrolatu zituen Alimco-Campgnolok.
Mendatako herrigunerako lehen pasaeran egin zen estreinako hautaketa, eta Muniketan zein Urrutxun tropela are murritzago egin zen. Azken tartean, Astorkigana eta Bizkaiko Begiratokia kateatu zituzten. Lasterkariek ziztu bizian ekin zioten azken zati hari, eta probako indartsuenek beren bidea egin zuten, bereziki, Bizkaiko Begiratokian. Hain zuzen, mendatearen gailurretik helmugara, zortzi kilometro inguru besterik ez zeuden.

Alimco-Campagnolo, taldeka ere txapeldun.Danel Gorostiaga
Lau laguneko ihesaldi murriztu bat iritsi zen azkenean Mendatako herriguneko helmuga lerrora eta, azken aldapatxoan, Colmenerok nagusitasun osoz inposatu zuen bere abiadura. Esprintean irabazi zuen proba, 02.12.18ko denbora egin ondoren. Podiumeko bigarren eta hirugarren postuak, hurrenez hurren, Luca Martinez Los Santosentzat eta koparen lidergoari eutsi zion Ibai Villate Momeñerentzat izan ziren, denbora berean helmugaratuta. Laugarren sailkatu Markel Aranaz Sekok osatu zuen helmugarainoko bidea egin zuen ihesaldia. Tropeltxoa 34 segundotara iritsi zen, Unai Moran Aranzabalen gidaritzapean.