Aurreikuspen oro gaindituta
XVIII. Kortezubiko Mendi Martxak ia 400 lagun erakarri ditu. Ibilbide laburrak jaso du interesik handiena aurtengoan.

Gogoratzeko modukoa izan da XVIII. Kortezubiko Mendi Martxa. Jendetza bildu zen iragan zapatuan [uztailak 19], Kortezubiko herrigunean, mendi martxaz gozatzeko. Antolatzaileek azaldu dutenez, aurreikusten zutena baino parte hartze “esanguratsuagoa” eduki du aurtengo ekitaldiak: “Ia 400 lagun animatu dira martxa egitera, 380 mendizale inguru; martxa herrikoiak beheranzkoan daudela pentsatu ohi den honetan, badago motiborik pozteko”.

Argazkia: Kortezubiko Mendi Martxa.
20 kilometro inguruko ibilbide luzea eta 10 kilometro pasatxoko laburra eduki zituzten aukeran, eta gehientsuenek bigarren horren alde egin zuten: “Gutxi gorabehera, ia 300 lagunek egin zuten laburra, eta 100 inguruk luzea”. Batetik, azaldu dute ibilbide luzea, teknikoa izan ez arren, “desnibel aldetik nahikoa gogorra” zela; bestetik, familia giroan edo jende gaztetxoagaz egiteko, ibilbide laburra “aukera aproposagoa” izan daitekeela argitu dute.

Argazkia: Kortezubiko Mendi Martxa.
Beste alde batetik, eguraldiaz ere mintzo dira antolatzaileak: “Uneren batean edo bestean, euri lanbroa egin zuen, baina oro har oso ondo eutsi zion aroak. Hurrengo urteei begira, espero dugu pareko parte hartzea edukitzea eta giro eder berberaz gozatu ahal izatea”. Helmuga eremuan, kirolaz harago, jan-edanaz eta jai aldarteaz gozatu zuten bertaratu zirenek”.