Palestinaren aldeko elkartasun olatua, Madalen egunean
Palestinaren aldeko keinu eta aldarrikapenekin bat eginda, Nadia Nemehk Madalen egunean [uztailak 22] Izaroko uretan botako duen teilak 'Bermeotik Gazara' mezua izango du idatzita.

Mahonak aterata daude dagoeneko Busturialdeko herritarrak, Madalen eguna ospatuko baitute martitzenean [uztailak 22]. Tradizioz beteriko eguna da, bereziki Bermeo, Mundaka eta Elantxobeko bizilagunentzat, hiru udalerrien arteko senidetzea indartzeko aukera baita. Jai giroa nagusitu arren, protokolo eta ohituraz beteriko eguna da Madalen eguna eta aurtengoa ez da ezberdina izango: Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak Izaro uhartearen ipar-ekialderantz dauden mugak berretsiko ditu, uretara teila botata.
Teila ez da edozelakoa izaten, “sinbologia berezia” izan ohi du. Aurtengoa «oso berezia» izango da: Bermeotik Gazara mezua izango du idatzita: “Aukera paregabea da herritarren sentimendua erakusteko eta palestinar herriak bizi duen sarraskiaren aurka ahotsa altxatzeko”, azaldu du Nemehk.
Ekimenagaz bat egitea, politika kontua barik, “giza eskubideen alde egiteko eta zibilen sufrimendu bidegabea salatzeko konpromiso etikoa” dela nabarmendu du. Halaber, Madalen egunekoa keinu sinbolikoa izan arren, “garrantzitsua” dela azaldu du: “Bermeotik, ez dugu bakarrik gure mugarri den teila botako, isiltasuna apurtzeko keinua egingo dugu, olatu erraldoi batek Gazaraino eramango duen elkartasun mezua zabalduko dugu, Bermeotik Gazara”. Udaletik Palestinaren aldeko elkartasun sinboloak erabiltzeko eskaera luzatu diete herritarrei, “mugak gainditzeko eta konpromiso kolektiboa ikusarazteko”.
Bihar eta etzi Gernika Palestina elkartekoak Goiko Plazan zapiak, banderak eta beste motatako ikurrak saltzen egongo direla gogoratu du Nemehk: bihar [uztailak 18], 19:00etan eta eta etzi [uztailal 19], 12:00etatik aurrera.
Protokoloa jarraituz.
Ohi legez, eguna Kankinkabara Txistu Taldearen kalejiragaz hasiko dute. Udalbatza 11:45ean batuko da Goiko Plazan, Alkate soinua entzun eta Madalen zortzikoa-ren erritmora porturantz abiatzeko. Itsas jaia 12:00etan hasiko da. Aurten ere, udalak herritarrei eskaini die udal ordezkariekin itsasontzian joateko aukera, eta hamazazpi izango dira ontziratuko direnak. Elantxonbera iristean, “denek batera” Alkartasuna Dantza Taldearen eskutik, aurreskua dantzatuko dute. Elantxobetik Mundakara joango dira arratsaldean, gero berriro Bermeora heltzeko. Goiko Plazarako ibilaldia, berriz, Betijai fanfarriagaz egingo dute.
Udalak herria garbi mantentzeko edukiontziak bikoiztuko ditu jai eremuetan. Aurten, gainera, portura zaborrik erori ez dadin, Portu Zuzendaritzari Portuzarreko barandetan sarea jartzeko eskaera egin diote, eta baiezkoa jaso dute. Segurtasuna bermatzeko, berriz, itsas jaiagaz bat egingo duten itsasontziei «segurtasun neurriak betetzeko» eskatu diote: “Garrantzitsua da neurriak betetzea, jaietan segurtasuna bermatzeko eta guretzat hain garrantzitsua den jai hau jai giroan amaitu ahal izateko”.
Halaber, Madalen jaietan «adin guztietako bermeotarrek eta kanpotik datozenek festarekin eta tradizioarekin gozatzeko aukera» izango dutela nabarmendu dute: “Pertsona guztiak gonbidatu nahi ditut guretzat, bermeotarrentzat, garrantzitsua den jai honetan errespetuarekin parte hartzera”.
- EGITARAUA:
- Goizean. Kalejira Kankinkabara txistu taldeagaz, Alde Zaharretik.
- 11:45. Udalbatza Goiko Plazan batu eta porturantza joango da Kankinkabara Txistu Taldeagaz.
- 12:00. Itsasontzietara igoko dira, Izarora joateko.
- Ondoren. Izaron ikurrina etaBermeoko bandera jasoko dituzte, teila uretara bota aurretik.
- 12:30/15:00. Taberna ibiltaria kalejiran, Bermeoko kaleetatik.
- 13:00. Elantxobera iritsi, eta, bertan, Alkartasuna Dantza Taldekoek ohorezko aurreskua dantzatuko diete Bermeo, Mundaka eta Elantxobeko alkateei, plazan, Kankinkabara txistu taldeagaz.
- 17:30. Bermeoko udalbatza Elantxobetik irtengo da, Mundakara joateko.
- 19:30. Udalbatza Bermeora heldu, eta Goiko Plazara joango da, Betijai fanfrriagaz.
Ondoren. Betijai fanfarreagaz jaitsiera, San Migeleko eskaileretaraino.
20:00-01:00. Puntu Morea egongo da Portuzarrean