Elkargune zaharrei bigarren bizitza emanez
Herritarren elkargune zaharrak berritzen eta konpontzen ari dira aurtengo Auzolandegietako parte hartzaileak. Auzolanean oinarriturik eta lana aisialdi nahiz kultur eskaintzagaz uztartzen duen proposamenarekin, Auzolandegien bigarren txandak 20 laguneko parte hartze muga harrapatu du. Hilaren 28ra arte egongo dira udalerrian.

Hirugarren aldiz, uda sasoia heltzeagaz batera, Muxikak Auzolandegiekin bat egin du. Udalak eta Eusko Jaurlaritzaren Gazteria Zuzendaritzak auzolana eta aisialdia zutabe nagusi dituen eskaintza ondu dute. Udal ordezkariek azaldu dutenez, “sasoi bateko lan udalekuen itxura” dute Auzolandegiek, eta udalerri osoan ari dira beharrean. Muxikakoaz gain, Euskal Herriko beste hainbat tokitan egin dituzte hala adin txikikoentzako (Arraia-Maeztu, Bilbo, Gueñes eta Berango), nola adinez nagusientzako (Lekeitio, Santurtzi, Bergara eta Derio) Auzolandegiak. Eremu horietako bakoitzak bere langai propioa aukeratu du, eta parte hartzaileek gai horren inguruko lanketa egin dute, aste biko iraupenagaz. Gainera, txanda bi atondu dituzte; bigarrena, hain zuzen ere, atzo [uztailak 14] abiatu zuten Muxikan.
Udal ordezkariek azaldu dutenaren arabera, orain arteko Auzolandegiek arkeologiagaz edota ondare kulturalaren berreskurapenagaz zerikusia eduki dute; horren erakusle da lehen bi aldietan Maumeko galtzadan egindako berreskuratze, garbiketa eta indusketa. Aurtengoan, baina, Auzolandegiek bestelako noranzkoa dute: “Auzolana da gai zentrala. Muxika, eremu aldetik hain zabala izanik, hainbat nukleo edo gunetan banatuta dago. Beraz, Auzolandegien noranzkoa herri eta auzoak garbitu, mantendu eta eguneratzeari emana dago aurten”.
Goizez lan egiten dute parte hartzaileek, “denetariko egitekoekin”, eta arratsaldea bestelako jarduerak egin ahal izateko probesten dute, betiere aisiagaz erlazionatuta. Kasurako, Busturialdea bertatik bertara ezagutzeko aprobetxatzen ari dira aldi hau: “Udalerriko nahiz eskualdeko txokoak ezagutzen dituzte, bertoko bizimodua deskubritu, baita Bizkaian barrena irteera handiago batzuk egin ere”. Gorozikako aterpetxean jaten zein lo egiten du behargin tropelak. Lanerako materiala eta leku batetik bestera mugitzeko autobusa udalak ahalbidetzen ditu, eta brigadako langile batek laguntza ematen die.
Lehen txandan 16 lagun aritu ziren Auzolandegian, ekainaren 29tik uztailaren 12ra artean
Auzolandegien lehendabiziko txanda ekainaren 29a eta uztailaren 12a bitartean egin zuten, eta orduko lantaldea hamasei lagunek osatuta egon zen. Bigarren txanda honi dagokionez, uztailaren 28ra bitartean egongo dira. Halaber, bigarren txandaren parte hartzea “ezin hobea” da: “Hogei laguneko gehienezko kopurua harrapatu dugu, eta hori pozgarria da”. Oro har, jasotako erantzuna “oso baikorra” izaten ari dela azpimarratu dute udaletik.
Herritarren eskaeraz.
Auzolana oinarri hartu izana ez da kasualitatea. Izan ere, herritarren artean eginiko saio parte hartzaileek utzitako emaitzetako bat izan zen “antzinako topaguneak faltan botatzen” zituztela: “Herri edo auzoetako eskolak, baselizak eta iturriak egoten ziren eremuak dira horiek, gaur egun, asko eta asko erabilpen barik edo apur bat bazterturik daudenak”. Beraz, toki horiek berriro herritarrentzako elkargune izatea dute xede Auzolandegiek: “Leku horiek beraien berezko erabilera berreskuratzea da aurtengo helmuga”.
Probalekua garbitu dute Gorozikan, eta Ugarten ari dira beharrean egunotan
Udalerria osatzen duten hiru herrietan egin beharreko lanak “denetarikoak” dira: “Izan bankuak konpontzea edo aldatzea, bazterrak garbitzea nahiz hormak margotzea; Gorozikan, esate baterako, probaleku zaharra berritu dute, eta emaitza oso positiboa izan da”. Orain Ugarte inguruan ari dira lanean, udaletxe, plaza eta aldameneko bazterrak atontzen. Ibarruri ere ez dute ahaztuko, Elizalden eta hango txoko aldean egingo baitituzte konponketa lanak.

Gorozikako lanak. Argazkia: Muxikako Udala.
Iaz Maumen egon zirenez, aurten ez dute bertara joko, ezta Ajurariara eta Ariatzara ere: “Azken horietan bietan obretan ari dira (Ajurian, pilotalekuan; Ariatzan, eskolan), eta, ondorioz, Auzolandegikoek ezin dute egiteko horietan laguntza eman. Astirik balego, Ajuriako iturria garbitzea ere planen artean legoke, baina hori oraindik ikusteko dago”.
Euskal Herritik nahiz Espainiaren luze-zabaletik bertaratutakoek osatzen dute taldea
Partaideen profilei dagokienez, anitza baino anitzagoa da. Hain zuzen, Bizkaitik zein Euskal Herritik bertaratutakoez gain, badira Espainia osotik joandakoak ere: “Are gehiago, urteren batean Europatik ere etorri izan dira Auzolandegietara”. Taldearen saretzeagaz batera, tokiko herritarren egunerokoan inplikatzea bilatzen dute, herriak zelan funtzionatzen duen uler dezatela, baita herritarrak eurak langileengana hurreratzea ere: “Gorozikan, adibidez, bertako zenbait herritarren laguntza jaso, eta apur bat hurbilagotik ezagutzeko aukera eduki zuten”.
Kulturaz zipriztintzeko.
Horrez gain, aisia kulturaz osatzea ere badute helburu: “Uda sasoian, herrian eguenetan eskaintza zabala dugu; iragan eguenean, bertso saioaz gozatu zuten, eta ostean herritarrekin batera afaldu. Asteon ere, bakarrizketak egongo dira, eta horiek ikustera ere bertaratuko dira”. Ez hori bakarrik: txanda bakoitzaren azkenengo egunean, agur modura, irteera bat egin eta egingo dute, eskualdeko itsas bazterrean nahiz udalerriaren bihotz-bihotzean barrena. “Goizez, itsas zeharkaldia egingo dute Bermeon, udal taldeagaz batera, Hegaluzen; arratsaldez, ostera, udalerriko Lapazaran txakolindegian txakolinen dastaketa eta mokadua”.
Aurten hasitako lanek hurrengo urtean “jarraipena” edukitzea espero dute
Hurrengo urteko Auzolandegietan, gainera, aurtengo beharrek “jarraipena” edukitzea espero dute: “Aurtengo gai beragaz lanean jarraituko dugu, ikusi baitugu herritarrek begi onez jasotzen eta asko baloratzen dutela; are gehiago, muxikarren inplikazioa eta elkarlana lortzen saiatuko gara”.