Jai Alai, liga sailkapenerako borrokan geltoki garrantzitsu
Uztailaren 19tik abuztuaren 16ra bitartean jokatuko dute gaur [uztailak 14] aurkeztu duten Gernikako Grand Slama. Xabier Barandika eta Unai Lekerika gernika-lumotarrak parte hartzaileen artean daude; lehenengoa Gorka Sorozabalekin ariko da, eta bigarrena Aritz Erkiagarekin.

Gernikako Grand Slama, Jai Alai Ligarako berebiziko txapelketa puntuagarria izango dena, ate joka dago. Zapatuan [uztailak 19] abiatuko dute Jai Alaiko udako lehiaketa, eta abuztuaren 16ra bitartean jokatuko dute, maila handiko parte hartzearekin. Liga erregularra amaitzeko hilabete biren faltan, puntistek hainbat lehia dituzte aurrez aurre, eta Gernika-Lumokoa, “oso garrantzitsua” izango da, Eraman Jai Alaiko antolatzaileen berbetan. Sailkapena, izan ere, pil-pilean dago, Donostian jokatuko duten Lauko Finalari begira.
Hamabi puntistak parte hartuko dute Gernikako Grand Slamaren aurtengo ekitaldian, eta antolakuntzak sei bikote lehiakor osatu ditu. Hautagaitza “argiegirik” gabeko lehia aurreikusi dute: borrokatua eta estua. Etxeko bi puntistak, Xabier Barandika eta Unai Lekerika gernika-lumotarrak, partaideen artean daude. Barandikak Gorka Sorozabal miarriztar gaztea izango du bikotekide, eta Lekerikak, aldiz, Aritz Erkiaga ispastertar beteranoa.
Beraiekin, honako bikoteak ariko dira zein baino zein gehiago zesta-puntaren katedralean: Eñaut Urreisti–Mikel Mantzisidor, Jean Dominique Olharan–Thibault Basque, Johan Sorozabal–Julen Del Rio eta Ludovic Ladutxe–Imanol Lopez. A multzoa Erkiaga-Lekerika, Urreisti-Mantzisidor eta Olharan-Basquek osatuko dute, eta B taldea Barandika-Sorozabal, Sorozabal-Del Rio eta Ladutxe-Lopezek. Txapelketan egongo ez den izarra, bestalde, bere herrikideen aurrean nagusitu berri den Alex Goitia markina-xemeindarra izango da; Ion Ibarluzearekin batera jokatu zituen Gernikako aurre kanporaketak, baina finalerdietan mutrikuar bikoteak lehiaz kanpo utzi zituen.
Jai Alai Ligari dagokionez, Markina-Xemeingo Grand Slamean txapeldunorde geraturiko Urreistiren eta Erkiagaren arteko lehia ezin estuagoa da egun, eta Gernika-Lumokoa geraleku esanguratsua izango da alde horretatik. 21 urteko mutrikuarrak 38 urteko ispastertarraren tokia hartu du, eta egungo liderra da, 11.500 punturekin; 1.520 puntuko aldea dauka gaur-gaurkoz Erkiagarekiko (10.980 puntu). Gernika-Lumon, 2.000 puntu egongo dira jokoan, baina biek ala biek “lasaitasun osoz” bizi dute.
Lehiaketaren egutegia.
Uztailaren azken bi zapatuetan eta abuztuaren lehendabiziko bietan jokatuko dituzte partiduak, denak 21:00retan hasita. Lehen hitzorduan, Barandika eta Sorozabal Ladutxeren eta Markina-Xemeingo garaile Lopezen kontra ariko dira lehenik; ostean, Urreisti eta Mantzisidor Olharanen eta Basqueren aurka. Bigarren jardunaldian, Sorozabalek eta Del Riok B multzoko garaileak izango dituzte arerio; Erkiagak eta Lekerikak, ordea, A multzokoak. Hirugarren egunean, Sorozabal eta Del Rio B multzoko galtzaileen kontra ariko dira, eta Erkiaga eta Lekerika, A multzoko galtzaileen aurka. Finalaurrekoak abuztuaren 9an jokatuko dituzte, eta final handia San Roke egunean, Gernikako jaietan bete-betean sartuta, jokatuko dute.
Xabier Barandika: “Jai Alain gertatuko dena Lauko Finalerako sailkapenari begira garrantzitsua izango da, baina ez hil ala bizikoa”
Ligako hamargarrena izanik ere, aurrelarien artean laugarren postuan (4.900 puntu) kokatuta dago Barandika. Lesioek aurten bere ohiko mailatik aldendu baldin badute ere, Lauko Finalera “sailkatzeko moduan” ikusten du bere burua, iaz lortutako txapela berriro janzteko aukerekin: “Jai Alain gertatuko dena sailkapen horri begira garrantzitsua izango da, baina ez hil ala bizikoa; Ipar Euskal Herrian ere txapelketak jokatuko ditugu, eta haietan ere puntu asko egongo dira jokoan. Iaz, adibidez, Jerome Portetek ia-ia Lauko Finalerako sailkapena lortu zuen, uda aldiko txapelketan bakarrik jokatuta. Edozelan ere, irabazteko asmoz kantxaratuko gara, are gehiago Gernikan partidu biribilak egin izan dituen Gorka Sorozabalekin batera jokatuta”.
Unai Lekerika: “Aritz Erkiagak eta biok eusten eta eusten dakien bikote horietako bat osatzen dugu”
2020az geroztik Gernikako Grand Slamean elkarrekin jokatu barik egon ostean, Lekerika pilota dantzan hasteko “gogotsu” dago: “Aritzek eta biok eusten eta eusten dakien bikote horietako bat osatzen dugu; Donibane Lohizunen ondo elkar ulertu ginen, eta markagailuan atzetik gindoazenean asmatu genuen egoera iraultzen“. Bigarren jardunaldiari helduko diote lehiari, eta hori “lasaiago” jokatzeko baliagarria izan dakieke: “Galtzea ez da planen artean sartzen, baina lehen jardunaldiko irabazleen aurka galduko bagenu ere, hirugarren jardunaldian irabazita, egoera konpondu ahalko genuke. Dena dela, geure jokoa egitea lortuz gero, garaipenaren saltsan ibili ahalko garela uste dut”.
Lekerika, momentuz, liga sailkapenean zazpigarrena eta atzelarien artean laugarrena da, 5.600 puntu poltsikoratuta; hori bai, Lopez zumaiarra oso hurretik jagon beharko du, Markina-Xemeingo garaipenaren ondoren 120 puntutara gerturatu baitzaio gernika-lumotarrari.
Sarrerei buruzkoak.
Gernikako Grand Slama ikusi gura dutenek jadanik bonuak erosteko aukera dute, Eraman Jai Alairen web orrialdean. Bestalde, jardunaldi bakoitzaz gozatzeko aukera ere edukiko dute zesta-puntaren jarraitzaileek. Eguneko sarrerak, hain zuzen, bihar [uztailak 15] ipiniko dituzte salgai.