'EnpleGU: Ontziratu' programa aurkeztu dute, lan-etorkizuna bilatzen dutenentzat
Programaren helburu nagusia udalerriko eta inguruko herrietako langabetuei "nautika eta arrantza sektorean laneratzeko benetako aukera" eskaintzea da. Hala, urriaren 1etik aurrera eskainiko da presakuntza, Bermeoko Nautika Eskolan.

EnpleGU: Ontziratu, langabetuei zuzendutako doako prestakuntza nautikoa bultzatu du Bermeok. Prestakuntza, Bermeoko Udalak eta Europako Gizarte Funtsak diruz laguntudako ekimena dela jakinarazi du Maite Caruezo Ugalde udaleko Garapen Ekonomikorako zinegotziak, gaur goizean, Nautika Eskolan. Hala, Bermeoz gain, Mundaka eta Sukarrietako Behargintzak antolatutako ekimena dela nabarmendu, eta programaren helburu nagusia, udalerriko eta inguruko herrietako langabetuei “nautika eta arrantza sektorean laneratzeko benetako aukera” eskaintzea dela azaldu du.
Langabezian dauden, eta aldez aurretik itsas arloko prestakuntzarik ez duten pertsonak prestatu, orientatu eta ahaldunduko ditu, beraz, programak. Nerea Hormaetxe Behargintzako teknikariak, programaren xehetasunak emateaz gain, bereziki, lan-merkatuan sartzeko zailtasunak dituztenei zuzendutako ekimena dela adierazi du: “Programa honek funtsezko gaitasunak garatzen, konfiantza sortzen eta laneko etorkizunari eta etorkizun pertsonalari berme osoz aurre egiteko tresnak eskaintzen laguntzen du”. Gainera, “indargune” gisa du prestakuntza, “arlo ekonomiko eta sozialaren benetako beharrei erantzuteko” sortu baita.
Nautika eskolako zuzendaria den Karmele San Miguelek “ikasleei banakako eta taldeko orientazio pertsonalizatua” eskainiko zaiela azpimarratu du, “funtsezkotzat” baitute hori, arrantza sektorean laneratzeko aukerak hobetzeko. Bide batez, prestakuntzaren barneko irakasgaien inguruko xehetasunak ere eman ditu: “Lehenik, itsasontziko segurtasuna eta lehen sorospeneko 70 klase ordu emango dira, irakasgaia segurtasunezko oinarrizko prestakuntzaren baliokidea delarik. Bestalde, arrantza-ontziko estalki lanen 30 ordu jasoko dituzte ikasleek, marinel-arrantzale ikastaroaren parekide bezala. Horreez gain, arrantza-aparailuen muntaketan 190 orduz jardungo dira”.
Esan dutenez, programa Bermeoko Nautika Eskolan bertan eskainiko da, urriaren 1etik aurrera, lau hilabeteko iraupena izanik: “Alde teknikoa urtarrilerako amaitzen saiatuko gara, otsailean itsasoratzeekin hasteko“. Halaber, interesa dutenak Bermeo, Mundaka eta Sukarrietako Behargintzarekin harremanetan jar daitezkeela argitu dute, horretarako, 94 617 91 90 telefonoa eta behargintza@bermeo.eus helbidea ahalbidetuz.
Langabetuei deia
Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak, bere aldetik, prestakuntza-programak herritarren beharretara egokitzeko “udaletik konpromiso sendoa” dagoela esan du. “Bermeo beti dago prest bere jendearen beharrei erantzuteko, eta programa hau horren adibide garbia da: praktikoa, testuinguruan kokatua, irteera erreal eta irisgarriekin”, nabarmendu du alkateak. Gauzak horrela, Nemehk langabeak deitu ditu parte hartzera: “Hau aukera erreal bat da itsas-arrantza sektorean aro profesional berri bat hasteko, gure kostaldeko zutabeetako bat”.