Bermeoko Herri Babesak aldi baterako bere jarduna etengo du
Herri Babesako boluntarioei atsedena eman asmoz hartu du taldeak aldi baterako erabakia. Bermeoko Udalak bere esker ona adierazi die boluntario guztiei, "etengabeko prestutasun eta konpromisoagatik".
33 urte baino gehiagoz Bermeoko bizilagunei etengabeko zerbitzua ematen jardun ostean, Bermeoko Herri Babesak aldi baterako bere jarduna etetea erabaki duela jakinarazi du. “Orain arte ematen ari garen larrialdi zein zerbitzu komunak emateari utziko diogu, aldi batez”, esan dute. Ze, gogoratu dute horren parte direnek “boluntarioki” lan egiten dutela, eta horiei “atsedena emateko” helburuz hartu dutela, batik bat, jarduna etetearen erabakia. Hala, aurreikusi dute, urria edo azarora arte iraungo duela etenak.
1992an eman zituen lehendabiziko zerbitzuak Herri Babesak, eta geroztik askotariko lan taldeak sortu izan dituzte, beti ere Bermeoko eta inguruko herritarrei etengabeko zerbitzua emateko helburuz. Batik bat, erreskate, telekomunikazio, babes eta urpekaritza taldeak sortu izan dituzte azken 12 urteotan. Horrez gain, 2003. urtean Repsolek dohaintzan emandako kamioi bati esker suteetara ere heldu izan da boluntario taldea, azpimarratu dutenez.
Datuen arabera, 2016az geroztik, mota guztietako 335 sute artatu izan dituzte, alde batetik. Bestetik, edozelako 1938 zerbitzu eskaini izan dituzte. Bestelako zerbitzuen baitan, esaterako, gas-ihesak, igogailuekiko arazoak, haizete latzak, Gaztelugatxeko San Juanen interbentzioak, ur-ihesak, eta abar luze bat nabarmendu dituzte.
Bermeoko Udalak, bere aldetik, erabakia “pena handiz” hartu duen arren, “ulertzeko erabakia” dela aitortu dute: “Boluntarioki lan handia egiten dute herriarentzako, eta beraz, pena handia da guretzat, baina era berean beraien erabakia ulertzen dugu”. Gauzak horrela, udaletik eskerrak eman dizkiote Herri Babesako boluntario guztiei, urte hauetan guztietan izandako “etengabeko prestutasun eta herriarekiko konpromisoagatik”. Gehitu dute, gainera, konpromiso hori ikusita, ziur daudela “indartsuago itzuliko direla”.