Obren lehen fasea, amaituta
Txorrokopuntako eskaileren konponketa lanen lehen fasea amaitu dute. Bigarren faseari ekiteko, marea biziei itxaron beharko diete.

Mundakako Udaletik aditzera eman dutenaren arabera, egunotan Txorrokopuntako eskailerak berritzeko eta hobetzeko obrak egiten ibili dira, eta eremu hori herritarrentzako zarratuta egon da. Dagoeneko biribildu dute konponketa lanen estreinako fasea, goiko aldeko eskailerei dagokiena. Bertako irisgarritasuna eta segurtauna hobetzea izan dute jomuga.

Argazkia: Mundakako Udala.
Orain, obren bigarren fasearen txanda dela argitu dute, baina oraindik ezin izango diete bete-betean heldu. Izan ere, bigarren fasean sakonen dauden eskaileretan behar egingo dute, alegia, uragaz kontaktu gehien dutenekin. Hala, adierazi dute marea biziei itxaron beharko dietela bigarren fase hori aurrera eroan ahal izateko, orduantxe edukiko baitituzte guztiz ageriak behealdeko eskailerok. Udalak eskerrak eman dizkie herritarrei, “ulermenagatik eta pazientziagatik”.

Argazkia: Mundakako Udala.