Bermeoko auzoetako bizilagunen bizi-kalitatea hobetzeko, auzo-atxi zerbitzua bueltan da
2022az geroztik gelditurik zegoen auzo-taxi zerbitzua berreskuratu du Bermeoko Udalak. Bermeon erroldatuta dauden auzoetako bizilagunei zuzenduta dago, eta interesa izanez gero, Berhaz bulegoan zein egoitza elektronikoaren bidez egin daiteke eskaera.
Bermeoko Udalak auzo-taxi zerbitzua berreskuratu du. Zerbitzua, esan dutenez, Bermeon erroldatuta dauden auzoetako bizilagunei zuzenduta dago. 2015ean abiatu zen herrian zerbitzua, eta 2022ean eten egin zen. Hori berreskuratzeagatik “oso pozik” agertu da udal gobernua, ze, nabarmendu dutenez, “lehentasunezko erronka bat” izan da auzo-taxi zerbitzua berriro martxan jartzea.
Auzoetako bizilagunen bizi-kalitatea hobetzea xede izanik, elkarlana oinarri izan du berreskurapenak; udalaren eta auzoetako alkateen arteko elkarlanari esker jarri da berriro martxan zerbitzua. Auzo-alkateen mahai exekutiboan adostu dira zerbitzuaren oinarriak, azaldu dutenez, eta udal ordezkariek azpimarratu dute elkarlanak fruituak ematen dituela. Udala “oso pozik” dago lortutako adostasunarekin eta emaitzarekin.
Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkatearen iritziz, zerbitzuaren berreskurapena “albiste bikaina” da bizilagunentzat: “Auzotarren eguneroko mugikortasuna eta bizi-kalitatea hobetzen duela uste dugu. Udaletik konpromiso argia daukagu herri justu eta orekatuago baten alde, eta ahalegin hau horren adibide garbia da”.
Nahiz eta zerbitzua berriro abiaraziko duten, aldaketaren bat zein beste hartuko ditu beregain zerbitzuak. Gaineratu dute, esaterako, aldaketa esanguratsuena, diru languntza erabiltzaileari emango zaiola dela, taxistari ordez. Gainera, zerbitzuari eskainitako aurrekontua nabarmenki handitu egin dela azpimarratu du udalbatzak: “Lehen 3.500 euro bideratzen baziren, orain 12.000 euro bideratuko dira urtero”.
Onartutako erabiltzaileko, gehienez 130 joan-etorri izango direla azaldu, eta diru laguntzen ehunekoak mahaigaineratu ditu Bermeoko Udalak: “Lehenik, %70 joan-etorri bakoitzeko, joan-etorri kopurua 0-50 artekoa denean. Bestalde, %45 joan etorri bakoitzeko, joan-etorri kopurua 51-90 artekoa denean, eta, azkenik, %25 joan-etorri bakoitzeko, joan-etorri kopurua 91-130 artekoa denean”.
Egin beharrekoak
Esan bezala, Bermeon erroldatuta dauden auzoetako bizilagunei zuzendutako zerbitzua da, eta interesa dutenek IN-150 eskaera orria bete behar izango dute, Berhaz bulegoan zein egoitza elektronikoan. “Erabiltzaile gisa izena emateak urtebeteko balioa izango du, eta urtero berritu beharko da, eskaera orria berriro aurkeztuta”, zehaztu dute udal arduradunek. Bide batez, zerbitzua erabiltzerakoan egin beharrekoak ere jakinarazi dituzte: “Zerbitzua erabiltzerakoan, onartutako erabiltzaileek Nortasun Agiria (NA) erakutsi beharko diote taxi arduradunari, argazkia eta identitatea bat datozela bermatzeko. Erabiltzaileak bidaia osoa ordaindu beharko dio taxistari, eta taximetroko tiketa eskatu. Ondoren, bi hilean behin, tiket guztiak aurkeztu beharko ditu udalean (Berhaz bulegoan edo eskaneatuta egoitza elektronikotik), dagokion diru-laguntza kobratu ahal izateko.”