"Zabor hoberena sortzen ez dena da"
Itsaso osasuntsu baten aldeko itsas zeharkaldian itsasoratuta dabil Mater ontzi-museoa, eta itsasoko zaborren arazoaz kontzientziatzeko eta herritarrak horien prebentzioan inplikatzeko hiru eguneko geldialdia egiten ari da Bermeoko portuan.

Urte guztia Pasaiako portuan igarotzen du Mater Museo Ontzi Ekoaktiboak, baina uztailean, zortzi portu pasatzen dituen itsas zeharkaldian murgiltzen da, horietako bakoitzean hiru egun igarotzeko, eta itsasoko kultur eta natur ondarea zaintzeko, ingurumen hezkuntzaren bidez. Alegia, itsasoko zaborren arazoaz kontzientziatzeko eta herritarrak horien prebentzioan inplikatzeko lau eguneko geldialdia egiten ari da Bermeoko portuan, barikura arte. Itsasgela elkarteak osatzen du tripulazioa, eta esan dutenez, aurtengo itsas zeharkaldiaren hirugarren geralekua da Bermeo, lehenago Bilbon eta Portugaleten aritu baitira.
Horri esker, Zero Zabor Uretan kanpainaren zazpigarren aldian itsasoratu da ontzia. Azaldu dute, euskal kostaldean egurrez eraiki zen azkenengo atunontzia izan zela Mater ontzia, eta 13 urte lanean aritu eta gero, kapitainak ez zuela arrantzarako gehiago nahi izan: “Gure elkartearen esku gelditu zen orduan, ontzia. Horri buelta bat eman, eta gaur egungo proiektu hau irudikatu genuen. Uztaileko hilabetea baliatzen dugu Zero Zabor Uretan kanpainarekin aurrera egiteko, eta herritarrak itsas hondakinen inguruan sentsibilizatzeko”.
Jarduera eta tipologia desberdinak erabiltzen dituzte beraien helburua lortzeko. Itsas hondakinen inguruko sentsibilizazioa eta kontzientziazioa lortzeko bide desberdinak erabiltzen ditu Itsasgela elkarteak, horrela “herritar guztiengana” heltzeko. Hala, nabarmendu dute, adinaren araberako tipologiak bereizten dituztela, ze, “hobekien funtzionatzeko modua” dela. “Esaterako, txikiekin bisitak, plazako jokuak eta abar egiten ditugu, eta nagusiekin, nabegazioak, itsas hondakin arrantzak, zinea ontzian eta bisitak familientzako”, gaineratu dute.
Nola egin aurre itsas hondakinei? galdera plazaratu, eta horrekiko kontzientziazioa lortzea berebizikoa dela azpimarratu dute, oro har. Tailer eta bisita derberdinen bidez, ikustarazten dute “nola izan gaitezkeen gu, indibiduo bezala, arazoaren soluzio”.
Ze, datuen arabera, minutu bakoitzean plastikoz betetako kamioi oso bat uretaratzen da: “Nahiz eta guk ez ikusi, itsas ondoan txiki txiki eginda pilatzen da plastikoa, eta ez da desagertzen. Leku guztietan dago, eta arrainek jatetik at, guk geuk ere jaten dugu plastiko hori, arraina jaten dugun heinean. Datuek diote 5 gramo plastiko jaten ditugula guk, adibidez”. Hori aldatzea “beharrezkoa” dela uste dute elkartekideek, eta horretarako “ohiturak aldatzearen garrantzia” aipatu dute.
Aldaketa txikiek konponbide handiak ekarri ditzaketela sinestuta burutzen dute urtez urte Mater ontziko zeharkaldia. Horretan, gainera, komunitatean bi figura erraldoi sortu dituzte, ikusezina ikusarazteko helburuz: BIO (Bizitzaren Sarea), biziaren zaintzaren garrantzia irudikatzen duena eta dozenaka algaz zein itsas animaliaz egina dagoena; eta ZABOR (Itsas Hondakinen Munstroa), gizarte gisa existitzen diren kontsumo ohitura suntsitzaileen emaitza dena eta euskal kostaldean bildutako plastikozko itsas hondakinez osatuta dagoena. Erraldoi horiek Mater ontziaren tripulazioaren parte dira itsas zeharkaldiak iraun bitartean. “Gero eta plastiko eta zabor gehiago egon, ZABOR handitzen doa. Gero eta ohitura gehiago aldatuz, ordea, BIO handitzen da. Helburua, noski, BIO handitu eta ZABOR txikitzea da”.
Barikura (uztailak 11) arte egongo da Bermeon Mater ontzia, askotariko ekintzekin. Bermeotik, berriz, Ondarroara egingo dute salto, uztailaren 11tik 14ra bitarteko egonaldiarekin. Ostean, Murikuko portura iritsiko dira, uztailaren 14tik 17ra arte, Bizkaiko kostatik Gipuzkoako kostara pasatuz. Ondoren, Getaria eta Hondarribitik pasatuz, Pasaiara bueltatuko dira.






















Egitaraua:
Gaur
17:00-20:00. Bisitak Ontzi Museora.
17:00-20:00. Itsas Zaindari Gunea.
17:00-19:00. Hondakin bilketa.
Bihar
11:00-14:00. Bisitak ontzi museora.
11:00-14:00 + 17:00-20:00. Itsas Zaindari gunea.
17:30-19:00. Sormen Birziklatze Tailerra.
Etzi
09:00-11:30. Nabigazioa, Bermeo-Ondarroa