Bermeo Tuna Pintxo Tour 2025, tradizioa, iraunkortasuna eta sariak batzeko prest
Uztailean eta abuztuan, Bermeoko 22 tabernek Bermeo Tuna Pintxo Tourrean parte hartuko dute, tradizioa, iraunkortasuna eta sariak batzen dituen ibilbide gastronomikoan.
Bermeo Tuna World Capital elkarteak, beste behin, Bermeo Tuna Pintxo Tour ibilbide gastronomikoaren edizio berri bat aurkeztu du. Esan dutenez, “hegaluzea eta Bermeoko atuna omentzen ditu” ibilbideak, eta uztailean eta abuztuan zehar, herriko 22 tabernak arrantza eta kontserba jasangarriko hegaluze eta atunarekin egindako pintxoak eskainiko dituzte. Bermeoko erara izenpean, bertako produktua, denboraldia eta herriak itsasoarekin duen lotura ospatuko dute.
Tradizioa, iraunkortasuna eta sariak batzen ditu ekimenak, eta bide batez, Bermeon bizi direnak ed0ta herria bisitatzen dutenak gonbidatzen ditu Bermeo Tuna Pintxo Tourrek, “txokoak eta zaporeak guneka deskubritzera, eta saria jasotzeko aukera duen esperientzia batez gozatzera”.
Hori dela eta, hiru gunetan egituratu dute ibilbide gastronomikoa. Jakinarazi dutenez, parte hartuko duten tabernak astelehenetik domekara bitartean, eguerdiko 14:00ak arte arituko dira pintxoak eskaintzen. Gainera, ekimenean parte hartu nahi dutenek, eta sari gastronomikoen zozketan sartu nahi dutenek hiru pauso eman behar izango dituzte: “Lehenik, hegaluze eta atunarekin egindako pintxo bat probatu behar da, gutxienez gune bakoitzeko taberna batean. Ondoren, tourraren liburuxka zigilatu hiru lokal horietan, eta azkenik, zigiluak bete ondoren, edozein tabernetako kutxatan utzi beharko dira”.
Atxetak, Sarabanda, Batun Batun, Bokale, Ikai, Kai Alde, Zubigane, Kafe Antzoki, Toki Alai, Akelarre, Alakrana, Andeko, Beti Ondo, Oker, Joshe Mari, Izaro, Bar Bea, Eguzki, Artza, Fruniz, Zokoa eta Leku tabernak izango dira ibilbide gastronomikoaren parte, uda honetan, esan dutenez.
Bi zozketa egingo dituzte; lehenengoa uztail amaieran, eta bigarrena abuztu amaieran. Horreetan, Bermeo Tunako hegaluze eta atun kontserbetako produktuen bi pack zozketatuko dira, alde batetik. Bestetik, ostera, bi pertsonentzako menu bereziak Leku, Andeko, Kai Alde, Almiketxu, Toki Alai eta Alakrana tabernetan.