"Pailazorik gabeko herriak ez du biziraungo, eta Euskal Herrian, zorionez, komunitate sendo bat sortu dugu"
Sudur gorria eta koloretako zapatilak jantzi, edozein oholtzetara igo, eta euskara ezpainetan izanik, hegan egiten du Iker Gonzalez Libanok, Motx pailazoarekin batera.

Antzerkia eta pailazogintza «inflexio puntutzat» izan ditu Iker Gonzalez Libanok (Bermeo, 2001), bere bizitzan. Duela bost urte, lehenengoz Motx pailazoaren eskua hartu zuen, eta Euskal Herriko txoko desberdinak bisitatu dituzte ordutik, umorearen bitartez, askatasunerako bidea eraikiz.
Zergatik aukeratu zenuen pailazogintza?
Alde batetik, oholtza ororen gainean asko gozatzen dudalako. Baina, batez ere, pailazoz janzteak Ikerrek egingo ez lituzkeen gauza asko egiteko ahalmena ematen didalako, hegoak atera eta hegan egiteko ahalmena. Presioagatik, maskarengatik edo ingurukoen zeresanagatik egin gabe uzten ditudanak egiteko bide bat da niretzat pailazogintza. Bide bat bezala ikusten dut, bai; hegan egiteko eta libre izateko bide bat bezala.
Zelan hasi zen dena?
Txikitatik izan naiz oso pailazo zalea, antzerkizalea eta zirku zalea. Beti piztu izan dit arreta mundu horrek. Bada, 16-17 urtegaz, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bukatzean, krisi existentziala izan nuen. Ez nekien nor nintzen, ezta nor izan nahi nuen ere. Ikasketetara bideratutako krisia zen hasieran, baina alde pertsonalera ere hedatu zen, Iker izateak barnebiltzen duen guztira, hain zuzen. Euskal Herrian bizi eta euskalduna naizela ardatz hartuta, militantzian sartu nintzen: Bermeoko Euskaraldiko batzordean izena eman nuen, eta jarraian, herriko antzerki tailerrean ere bai. Urteak igarota, eta batez ere, prozesu pertsonal luze bat igarota, lotsak alde batera utzi, eta antzerki tailerrari eta Bermeoko Udaleko Euskara Saileko teknikari ohia den Maite Zarateri esker, Euskaraldiko ekitaldian jantzi nintzen lehenengoz pailazoz, herriaren aurrean. Behin pauso hori emanda, aurrera egin nuen bidean, gaur arte.
“Bizitzari eta horrek ekarri ditzakeen arazo desberdinei aurre egiteko arma gisa definituko nuke umorea”
Zer da pailazo izatea?
Lehen esandakoaren harira, niretzat munduko ofiziorik politena da. Politena da, baina zailenetakoa ere bai. Ez dut uste beste lanbide batzuek baino lan karga gehiago duenik, baina uste dut askotan gutxietsita dagoen ofizioa dela, tamalez. Hortik haratago, zer den pailazo izatea? Bizitzeko modu bat dela esango nuke.
Eta, umorea, zer da?
Umorea barre edo txiste bat baino askoz gehiago da. Bizitzari eta horrek ekarri ditzakeen arazo desberdinei aurre egiteko arma gisa definituko nuke umorea. Jarrera bat dela esango nuke, jarrera positiboa. Pailazogintzak hori ulertzen lagundu dit, eta zeharka, bizitza ulertzeko modu hori barneratzen joan naiz. Gainera, umoretik dena landu daitekeela argi erakusten du pailazogintzak.
Horren harira, umorearen bitartez gai oso esanguratsuak landu dituzu Motx pailazoaren ikuskizunetan.
Bai, gure pailazogintza familietara bideratuta dago, familia-ikuskizunak egiten ditugu, baina publiko zuzenena haurrak dira. Beraientzat egiten dugu pailazogintza, eta beraz, balioetan eta euskaran oinarritutako pailazogintza eskaintzea gustatzen zait, beti ere, umorea bitartekari izanik. Orain arteko ikuskizunetan, egunerokotasunean suertatu daitezkeen gai desberdinak jorratu ditut. Kantu eta dantza ikuskizunean, esaterako, balio positiboen garrantzia landu izan dugu. Pozaren parkean, berriz, laguntasunari eman diogu tartea; lagunek bizitzan duten pisua erakutsi, eta nolabait, nire lagunei omenaldi edo eskertza bat egiteko erabili nuen plaza hau. Azkenik, Kontu Kontarin, sentimenduen kudeaketan jarri dugu fokua; sentimenduak identifikatzen, sailkatzen eta horiei aurre egiten jardun dugu. Hurrengo ikuskizunean, berriz, heriotza eta dolua jarriko ditugu erdigunean.
“Pailazorik gabeko herriak ez du biziraungo, eta Euskal Herrian, zorionez, komunitate sendo bat sortu dugu”
Motx pailazoa jaio zenetik, urte batzuk pasatu dira. Nolakoa izan da bidea?
Orokorrean, oso ona, oso polita. Ikasturte honetan bost urte bete dira Motxen sorreratik, eta hasieran imajinatuko ez nituzkeenak lortu ditugu. Euskal Herriko bazter ugari bisitatu ditugu, goitik behera eta eskumatik ezkerrera. Erein argitaletxeari eta Bermeoko Udalari esker, Oroitzapen eder bat liburua argitaratzeko aukera ere izan dut, eta hiru ikuskizun partekatu ditugu Euskal Herriko haur eta gazteekin. Bide guzti honetan, gainera, asko ikasi dugu. Pailazogintzaren beste alde bat ezagutzeko aukera eman dit Motx pailazoak, eta ondokoak behar bezala baloratzekoa ere bai. Ze, oholtzan Motx bakarrik egoten denez, askotan uste da ni bakarrik nagoela. Baina saio bakoitzaren atzean lantalde bat ere badago, hau dena posible izatea ahalbidetzen duena. Zortea izan dut horretan. Nire inguruan eta herrian ez dut inoiz oztoporik izan nire bidearekin jarraitzeko, eta nire lagunak beti egon dira prest behar izan dudanarekin laguntzeko.
Zelan ikusten duzu sektorearen gaur egungo egoera?
Egia esan, oso pozik nago. Gero eta gehiago gara. Euskal Herriak duen bereizgarri politenetakoa dela uste dut, gainera. Beste lurralde batzuetan ez dago hain errotuta pailazoaren figura hau, eta hemen, zorionez, komunitate sendo bat dugu, egunez egun hazten doana, eta bere izaera eta nortasun propioa duena. Txirri, Mirri eta Txiribiton, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, edo Takolo bezalakoek hasi zuten bidea, bakoitzak bere erara. Belaunaldi berriko pailazoen esku dago, ordea, komunitateak aurrera jarraitzea. Baina, uste dut bide onetik goazela; pailazorik gabeko herriak ez du biziraungo.
Helbururik finkatu diozu zeure buruari?
Helburuak baino, Motx pailazoak emango dituen hurrengo pausoak zeintzuk izango diren argi daukat. Oroitzapen eder bat liburua oinarritzat hartuz sortuko dugu laugarren ikuskizuna. Inflexio puntu bat izango da, zubi bat, taldeari, formatuari eta dinamikari buelta bat emango diogulako. Musikan ere sartuko gara, eta gure abesti propioak sortuko ditugu, besteren artean.
Antzerkian ere ibili zarela aipatu duzu. Nolako garrantzia izan du horrek zuretzat? Nola eragin dizu?
Asko, garrantzi handia izan du. Lehenago aipatu dudan krisi egoera horretan nengoela sartu nintzen Buseletrikue antzerki tailerrean, eta niretzat terapia bat izan zen. Nire izaera aurkitzen eta ulertzen lagundu zidan, sentimenduak kudeatzen, eta nor naizen jakiten ere lagundu izan dit antzerkiak. Gure antzerki tailerra oso berezia da. Mota, izaera eta ideologia desberdinetako jendea biltzen ditu, eta guztien artean ulertu, ezagutu eta harremanak sortzeko tresna izan da. Nahiz eta azken bi urteetan apur bat alboratu dudan, badut horretara bueltatzeko asmoa. Beti bueltatzen ohi gara zoriontsu izan garen lekuetara.
Non eta nola ikusten duzu zeure burua hamar urte barru?
Zaila da jakitea. Baina duela urte batzuekin alderatuz, dagoeneko oso argi dut nor naizen, eta batez ere, nor izan nahi dudan. Beraz, honetan jarraituko dudala esan dezaket, herrigintzan, irrigintzan eta harrogintzan, era batera edo bestera, nire aletxoa jartzen.