Kaleraratzeen kontrako akanpada deitu dute
LABek deituta, BBK Klimak zerbitzua emateko aurten kontratatu duen Gaztetxo Eskolak subrogatu behar zituen "23 langile baino gehiago" kaleratu dituela salatu eta lanpostuetara bueltatzea eskatzeko mobilizazioekin jarraituko dute. Gaur [uztailak 8] Bilbon egingo dute elkarretaratzea.

BBK Klimak udako denboraldia aurrera eramateko kontratatu duen Gaztetxo Eskolak subrogatu behar zituen langileak kaleratu izana salatu eta “23 langile baino gehiago” euren lanpostuetara bueltatzeko mobilizazioekin jarraitzen du LAB sindikatuak. Azken egunetan BBK Klima parean elkartu dira, gaur [uztailak 8] berriz, Gaztetxo Eskolaren egoitza parean egingo dute kontzentrazioa, 13:00etan, Bilbon. Eguen eta barikurako berriz, kaleratzeen kontrako akanpada deitu dute Busturian, BBK Klimako instalazioen aurrean.
Sindikatutik jakinarazitakoaren arabera, kaleratuak izan diren langileak uda sasoian lan egiten duten aldizkako langile finkoak dira. Ekainaren 16an instalazioetara bertaratzeko deia jaso zuten ustez lanean hasteko, baina horren ordez, “diziplinazko kaleratze kolektibo baten bitartez” kaleratuak izan ziren. Hala, LABetik bide judiziala abiatu dutela azaldu dute, mobilizatzen jarraituko dutela iragartzeagaz batera.
Hala, etzi 10:00etan jarri dute akanpadagaz hasteko hitzordua. Muntaketa lanekin hasiko dira, 11:00etan elkarretaratzean bildu aurretik. Eguerdian informazioa banatu eta salaketa publikoa egingo dute, eta arratsaldean, 17:30ean hasita, eskualdeko beste mugimenduekin batera kontzentrazioan batuko dira, “lan postuen defentsan”. Barikua goizean goiz hasiko dute BBK Klima parkearen atarian “gosari kolektiboagaz”. Kontzentrazioan batuko dira 11:00etan, akapadari amaiera emateko.