27. Jazzber jaialdia, "txikia baina txukuna"
Goi mailakoa izan da, beste urte batez, Jazzber Bermeoko 27. Jazzaldia. Jizz Jazz Kultur Taldeko antolatzaileek egitaraua osatu duten hiru kontzertuen balorazio "bikaina" egin dute, eta ikusleen jarrera nahiz jarraipena azpimarratu.

Jazzber ez zen handitasun afanez edota erraldoikeria asmoz munduratu. Mimotik jaio zen, gauzak astiro baino egoki egitetik, eta, batez ere, jazzarekiko pasiotik. Tokikoari eutsiz baina haize berrientzako leihoa zabalik, Bermeoko Jazzaldia bere 27. urtemugara iritsi da aurten, eta “egundokoa” izan da, Jizz Jazz Kultur Taldeko antolatzaileek argitu dutenez. Hiru egunez, Kafe Antzokia goi mailako kontzertuen habitat izan da, iragan eguazten [uztailak2], eguen [uztailak 3] eta barikuan [uztailak 4].
Ohiko formatuari eutsiz, aniztasunaren bilaketa izan da aurtengo ekitaldiaren noranzko nagusia: hala artisten aldetik, nola iturri musikalei dagokienez. Dena “prestatu modura” atera dela nabarmendu dute antolatzaieek: “Bilatzen genuena lortu dugu, eta aurtengo festibala bikaina izan da”. Hilaren 2an, Gorka Benitez Quartet laukoteak abiatu zuen jaialdia. Benitez jazz munduan ibilbide luzedun musikaria da, eta, beste behin, “asmatu du norekin elkartu erabakitzean”: “Talde beteranoa oholtzaratu zen, eta jazza popetik hurbil dauden doinu epel eta gertukoekin uztartu zuen, maisutasun handiz”.
Ikusleek “itzelezko erantzuna” eman dute jaialdi osoan zehar, baina lehen jardunaldikoa “bereziki azpimarragarria” izan zen: “Espero baino jende gehiago etorri zen, beharbada, Benitez herriko musikari askoren adiskidea delako, eta bere maila zein handia den ondo dakitelako; edozelan ere, biltokitik jesarlekuak atera behar izan genituen, jendea eseri zedin”.
Bigarren egunean, Cesar Vidal saxofoi-jotzaileak gidaturiko boskotea, Artikulation Band izenekoa, izan zen protagonita, tartean, Jon Carranza kontrabaxu-jotzaile bermeotarrarekin. Azken orduan bateria jotzailea aldatu behar izan bazuten ere, “ikusgarria bezainbesteko arriskatua” izan zen emanaldia. Hain zuzen, live electronic edo zuzeneko moldaketa eletronikoa egiten zuten: “Zenbait instrumenturen soinuak, soinu mahaira igortzeaz gain, mahai batean lantzen, modulatzen edo sintetizatzen zituzten; ikusteko modukoa izan zen hura. Hasieran, beldur apur bat sortzen zigun iluntasun edo bat-batekotasun hark, baina dena ezin hobeto atera zen eta ikusleek, aditasun apur batekin, kontzertutzat batez gozatu ahal izan zuten”.
Hirugarren eguneko L.A.B. Trio taldeak ere moldeak apurtu zituen, ezohiko erritmoak beraien jazz erregistrora txertatuz eta kutsu progresibo batekin: “Piano jotzaileak sintetizadorea ere jo zuen; oro har, hirurek musika adierazteko modu partikularra zeukaten, eta, behin hogei minutu igarota, ikusleek ez zuten kontzertutik joan gura izan, itzela izan zelako”. Ordu eta erditik gorako ikuskizun aparta eman zuen Berlin, Paris eta Budapesteko hirukoak, eta bat baino gehiago zur eta lur utzi zuen”.
Hezkuntza lan bat.
Hamarkadetan barrena fidel mantendutako ikusle sareaz gain, Jazzberrek publiko berria erakartzeko “amu lana” egin duela sumatu dute aurten: “Jazz musikaren ekosistema gure inguruan zabaltzea izan da betidanik jaialdiaren noranzkoa, eta horri eusten diogu. Ikusle leial askok babesten dute festibala urtero-urtero, beharrezko hitzordu bihurtu dute, baina beste pila batek ezusteko atsegina harrapatzen dute Jazzberrekin. Herriko agenda kulturalaren ezinbesteko elementuetako bat izatera iritsi da”.