Marcela Danboreneari ongi etorria egin diote busturiarrek
Busturiarrak EITBko 'El Conquistador del Caribe' programa irabazteagatik omenaldia jaso zuen barikuan [uztailak 4], kultur etxean.
Marcela Danborenea busturiarrak EITBko El Conquistador del Caribe programa irabazi zuen ekainaren 23an, eta barikuan [uztailak 4] ongi etorria jaso zuen Busturian. Izan ere, omenaldia jaso zuen irabazleak herriko kultur etxean. Negarrari ezin eutsita sartu zen, ikurrina esku artean eta txapelagaz buruan.
Udalaren eskutik lorak eta herriko armarria duen koadroa jaso zuen eta bere ikasle talde batek ere oparia jaso zuen. Aitor Aretxaga Telletxea herriko alkateak hitza hartu zuen esanez Busturia “harro” zegoela, “ez bakarrik El Conquistador del Caribe konkistatzaile izan zarelako, baita Busturiko herriaren izena harrotasunez eraman duzulako abentura osoan zehar”. Horrez gain, irabazlearen “kemena, indarra, erresistentzia edota bihotz ona” nabarmendu zituen: “Horrela konkistatu duzu mundua”.
Busturiarrak aurretik konkistatuta zituela esan zuen, izan ere, pilates edota zunba saioak eskaintzen ditu herriko gimnasioan. Berak izandako laguntasuna pantailaren beste aldetik itzularazi nahi izan diote herritarrek bere abenturan. Era berean, gogoratu zuten Busturiak duen izaera “abenturazalea”, David Secok ere 2012an irabazi zuen ikurrina. Seco bera ere ongi etorrian egon zen eta “pozik” agertu zen beste busturiar batek ikurrina irabazteagatik.
Marcela programako emakumeez osaturiko lehen finaleko garailea izan da. “Historia egin duzue, erakutsi duzu gogoz, prestaketaz eta bihotz onez iristen dela norberak gura duen tokira”. Alkateak emakume gazte eta neska txikientzako “erreferente” bat dela azpimarratu zuen, batez ere irabazleak errepikatzen duen “bai ahal dala” esaldiagaz.
