Jolasaren bidez, naturan eraginez
Busturiko BBK Klima parkeak ateak zabaldu ditu, eta bisitariei klima aldaketaren eta gizartearen ohituren inguruan ikasteko aukera eskainiko die urrira bitartean.

BBK Klima esperientzia parkearen udako edizio berria martxan dago dagoeneko. Klima aldaketaren inguruan sentsibilizatu eta kontzientzia pizteko sortutako parkea da, bere xede nagusien artean, bisitarien ohiturak aldatzea bultzatzea duena. Helburuak betetzeko, parkeak esperientzia aukera zabala eskaintzen die Busturira bertaratzen direnei, fokua jasangarritasunaren ingurune, ekonomia eta gizarte onuretan jarrita.
Atetik sartzeagaz batera, bisitaria bihurtzen da parkeko protagonista, baina BBK Klimak baditu bere izaki magikoak ere, DIWOak. Planetaren zaindariak ziren izakiak dira, Lurreko oinarrizko bost elementuak (ura, elikadura, mugikortasuna, energia eta gure planeta) eta naturan oreka bermatzearen arduradunak. Planeta kutsatzen hasteagaz batera, baina, DIWOak indarra galdu eta desagertuz joan ziren. Birpopulaketa horretan laguntzea da, besteren artean, BBK Klimako bisitarien egitekoa. Horretarako, parkera sartzen den ume bakoitzak Zaindariaren Pasaportea jasoko du, eta erronka eta jolas ezberdinak gainditu beharko ditu.
Zaindari bihurtzeko entrenamenduak ginkana forma hartzen du BBK Kliman, eta parte hartzaileek bost gema eskuratu behar dituzte, DIWO Van-era igo, eta planeta zaintzeko konpromisoa sinatu ahal izateko. Izan ere, DIWOek misio bat dute, baina ezin dute bakarrik burutu, hortik izena: Do It With Others.

Argazkia: BBK KLIMA
Instalazioak egituratzeko, bi motatako kutxatilak (oinarrizkoak eta bereziak) dituen taula bat prestatu dute aurten. Hasteko, parte hartzaile bakoitzak hiru zigilu eskuratu beharko ditu, oinarrizko kutxatiletako probak gaindituta. Bost elementuetako bakoitzeko hiru zigiluak lortuta, kutxatila bereziko erronka bati aurre egiteko prest egongo dira. Proba gaindituz gero, gema magikoa poltsikoratuko dute. Jolasa «kolaboratiboa» da, lagun zein familia giroan egiteko modukoa, eta fisikoki zein BBK Klimaren aplikazioaren bitartez jokatu daiteke parkean bertan.
Denetariko probak.
Abiñara hurbiltzeagaz batera, urrunetik ikusten da ume zein nagusien arreta bereganatzen duen eta ohitura aldaketarako jauzia islatzen duen tirolina; behin salto eginda, ez dago atzera egiterik, eta “bizitzeko modu berri bat” hasten da bisitarientzat. Tirolina jauzi bikoitzaz gain, rokodromoa eta dorretik salto egiteko aukera ere badaude.
Familian egiteko beste erronka bat Nor da nor? izenekoa da, eta modalitate bikoitza eskaintzen du: bata ingurumenaren zaintzan lagundu duten pertsonak ezagutzekoa (zailtasun maila ertaina), eta bestea inguruko faunari buruz ikastekoa (zailtasun gutxikoa). Hala, talde bakoitzak aurkariak aukeratutako pertsona edo animalia asmatu beharko du, bai edo ez esanez erantzun daitezkeen galderak eginez.

Argazkia: BBK Klima.
Berotegi puzgarriagaz, berriz, berotegiak, fruituak eta barazkiak umeei hurbiltzea bilatzen du parkeak, beti ere modu hurbil eta dibertigarrian. Gainera, fruitu eta barazki guztiak urtaro guztietan hazten ez direla azaltzen zaie, bakoitzak bere sasoia duela nabarmenduta. Ura da, bestalde, Gira eta bira erronkaren elementua, eta bisitariak horren erabileragaz lotuta dauden ohiturak aldatzea bilatzen du, “esperientzia sinboliko” baten bitartez. Horretarako, ura lainoetatik erortzen den unetik, gizakiengana iritsi arte egiten duen ibilaldia islatzen da, sarri askotan ibilbideak kutsatu egiten duela erakusteko. Zorb balls batzuetan sartuta, parte hartzaileek ura oso baliotsua izan arren, infinitua ez dela ikasiko dute, naturako elementu hori zaintzearen garrantziaz jabetuz. Itsasoetako plastiko kutsadura lantzeko, berriz, Plastikozko irlak proba gainditu beharko dute.
Poluzioa du ardatz Deskarbonizazioa izeneko erronkak ere; ekimenak “zailtasun maila ezberdinak” ditu aukeran, eta gizartearen ekintzek kutsadura murriztu dezaketela eta mundu garbi eta osasuntsuagoa lortzea eragin dezaketela ulertzea bilatzen du. Urmaelean, gizakiak egunerokotasunean sortzen dituen hondakinen inguruan hausnartuko dute, horien azken geralekua sarri zein den ezagutzeko. Kontrara, ohitura onak ezagutzeko aukera eskaintzen dute Memo Diwo XL-k eta Initik. Azken horrek hamar jolas aukera ditu, Klimaterpen.
Atseden hartu bitartean, planeta zaintzearen garrantziaz eta gizakien eraginaz sentsibilizatzeko bost ikus-entzunezko ere eskaintzen ditu BBK Klimak, Domoan. Kontzientziazioa du oinarrian Pollution Pods-ek ere, eta bisitariak Londres, New Delhi, Sao Paulo eta Pekingo errealitatera hurbiltzen ditu. Ullyses experience–en, azkenik, berrikuntza teknologikodun programa bategaz, itsasoko sastarrak aurkitu, geolokalizatu eta aztertuko ditu bisitariak.
Ihes gela.
BBK Kliman parkearen izateko arrazoiagaz loturiko ihes gela ere badago, aparteko sarrera berezi bat eskatzen duena. Zortziko taldeetan sartzeko aukera dago eta, nahiz eta gutxieneko adinik finkatu ez, txikienak bi adindunen laguntzagaz sartzea “nahitaezkoa” da, argitasun faltak eta soinuak umeak ikaratu ahal dituelako, batetik, eta taldea bitan banatu beharko delako, bestetik.
Udan, egunero zabalik.
Jolasaren bitartez klima aldaketaren eraginez ikasi gura dutenek urrira arte izango dute BBK Klimara hurbiltzeko aukera: uztaila eta abuztuan egunero dago zabalik, 11:00etatik 19:30era bitartean; uztaileko martitzen eta eguenetan, baina, talde handien «bisitak errazteko» asmoz, 10:00etan irekiko dituzte ateak. Irailean eta urrian, bestalde, asteburuetan bakarrik zabalduko dute: irailean 11:00etatik 19:30era eta urrian 11:00etatik 19:00etara.
Gainera, bisitariek lau sarrera mota dituzte aukeran: BBK Klima, BBK Klima Ihes Gela, BBK Klima Udako Zinema eta BBK Klima Sarrera Librea. Taldeka joan gura dutenentzat sarrera bereziak daude, eta interesa dutenek klima@bbk.eus helbide elektronikora idatzi beharko dute.