Haur eta gazteen uda girotzeko eskaintza
Hilaren 9, 16 eta 23an Uda Gaztea: Crossfit kids egitasmoaren irteerak egingo dituzte. Izen ematea Bermeoko GIZen bulegoetan egin behar da.
Bermeoko Udalak, Gazteria Sailaren bidez, 9 eta 14 urte bitarteko adina duten haurrentzako nahiz gaztetxoentzako Uda Gaztea: Crossfit kids egitasmoa plazaratu du. Ekimen horren jomuga kirola, euskal kultura, aisialdi eskaintza nahiz ingurumenarekiko kontzientziazioa modu erakargarrian eskaintzea izango da. Crossfita oinarri, eta Basque Cross Camp aisialdi taldearen eskutik, uztailean hiru irteera egingo dituzte, Muxikako Kortiñe-Maume aterpetxera eta Laidako hondartzara.
Hiru irteerak eguaztenez egingo dituzte, hurrenez hurren, hilaren 9an, 16an eta 23an; lehendabiziko biak 09:00retatik 14:30era bitartekoak izango dira, eta azkenengoa, ordea, 09:00retatik 18:00retara artekoa. Uztailaren 9an, Crossfit, Herri Kirolk eta Wod tailerrak izango dira protagonista. 16ko langaia Crossfit eta hondartza garbiketa txapelketa izango da. 23koa, berriz, Crossfit, eskalada tailerra eta ginkana. Egun osoko hirugarren eta azken jardunaldi horretara, azaldu dutenaren arabera, norberak bere janari zein edaria eroan beharko ditu; gainerakoetan nahikoa izango da hamaiketako edo mokadua eramatea.
Izena emateko.
Irteeretara izena emateko aukera dago honezkero, GIZen bulegoetara bertaratuta; astelehenetik barikura artean egin daiteke, 10:00ak eta 14:00ak bitartean. Goizezko jardueren, lehen bien, prezioa 20 eurokoa izango da; egun osoko jarduerarena, 30 eurokoa. Jarduerok banakakoak izango direnez, batean, bitan edota hiruretan izena eman dezakete interesdunek.
Plazak izen ematearen iriste ordenaren araberakoak izango dira, baina Bermeon erroldaturik dauden ume nahiz gazteek “lehentasuna” edukiko dutela azaldu dute. Plaza guztiak betez gero, itxaron zerrenda egingo dutela aurreratu dute. Halaber, udaletik iragarri dute “datozen egunotan”, Basque Cross Camp taldeak udalerriko umeei eta gazteei zuzendutako erakustaldia egingo duela Lameran; orduan edukiko dute aukera jardueretan besteak beste zer egingo duten bertatik bertara ezagutzeko aukera aproposa.