Beletxeren erabilerarako proposamenak aurkezteko epea zabaldu du Eako Udalak
Eako Udalak eraikina balioan jartzeko eta horren erabilerari bultzada emateko asmoa du, eta bide hori herritarren parte hartzeagaz egin gura du. Hala, herritarrek uztailaren 30era arte aurkeztu ahalko dituzte euren proposamenak.

Eako eraikin esanguratsuenetako bat da Beletxe, izan ere, udalaren armarriaren ikur ere bada. Lehen, arrantza ontzien belak jasotzeko erabiltzen zen, eta ordutik, udalerriko itsas kulturari “estu” lotuta dago. Baina Eako Udalak eraikina balioan jartzeko eta horren erabilerari bultzada emateko asmoa du, eta bide hori herritarren parte hartzeagaz egin gura du. Ondorioz, uztailaren 30era arteko epea zabaldu du herritarrek eraikinaren erabilerarako proposamenak egin ditzaten.
Eraikina balioan jartzeko zenbait jarduketa aurreikusita zituen udalak, izan ere, eraikina saneatu eta berritu gura zuten. Hala, alde batetik, eraikina saneatzeko lanak egingo dituzte: beheko solairuko hormen egoera zein den ikusi gura dute, baita arkeologiaren ikuspegitik interesgarrienak diren guneak agerian utzi ere. Beste alde batetik, Beletxeren historia eta herrian duen eragina azaltzeko informazio panelak ezartzea ere aurreikusita dute.
Baina, horrez gain, eraikinaren erabilerari bultzada berria eman gura diote, eta horretarako herritarrei proposamenak egiteko eskatu die udalak: “Proposamen guztiak izango dira ondoetorriak”.
Hala ere, ekarpen guztiek ere bi baldintza bete beharko dituztela jakinarazi dute: proposamenak erabilera publikoa izatea, hau da, edonorentzako zabala izatea; eta, proposaturiko erabilerak itsasoagaz lotura izatea, ze eraikina Eako itsas kulturaren ikonoa da eta aurrerantzean ere itsasoarekin lotuta jarraitu behar du. “Azken baldintza hori, komenigarria ez ezik, derrugirra era bada, ondarearen abbeserako erakundeek hala agintzen baitute”, azaldu dute udal ordezkariek.
Hala, ekarpenak uztailaren 30a aurretik egin beharko dituzte herritarrek, eta hori aurrez aurre zein telematikoki egiteko aukera izango dute. Ekarpenak udaletxean bertan aurkez daitezke, astelehenetik barikura bitartean, 09:00etatik 14:00etara arteko ordutegian, baina badago emailez aurkezteko aukera ere, udala@ea.eus helbide elektronikora idatzita.