Aisialdiko Begirale Ikastaroan izena eman daiteke
Irailaren 30a izango da Aisialdirako Begirale Ikastarorako izena emateko epemuga, tokiak lehenago bete ezean. Urriaren 11n hasiko dute prestakuntza, eta 2026ko maiatzaren 9an amaitu.
Bermeoko Udalak, Gazteria Sailaren bidez, Aisialdirako Begirale Ikastaroa antolatu du 2025/2026 ikasturterako. Prestakuntza horren bitartez, hezkuntza aisialdirako hezitzaileak trebatuko dituzte, eta gazteak gaitu, “lana bilatzeko pozesuan arrakasta eduki dezaten”. Hain zuzen ere, udalaren Gazteria Sailaren helburu nagusietako bat da gazteei “aukera hezigarriak” eskaintzea. Aurtengo ikastaroa urriaren 11n hasiko dela aurreratu dute, eta 2026ko maiatzaren 9an burutu; hamabi asteburuk osatuko dute.
Izena emateko epea zabalik dago, eta halaxe egongo da irailaren 30a bitarte, data hori orduko gehienezko tokien kopurua bete ezean. Izena emateko, Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxeko GIZeko bulegoetara jo behar da, edo GIZen web orrialdearen bitartez egin; horretarako, beharrezkoa izango da izen emate orria betetzea.
Ikastaroaren zati teorikoa 150 ordukoa izango dela argitu dute. Bermeon emango dituzte eskolak zapatuetan egingo dituzte, goizez nahiz arratsaldez (10:00-14:45-16:00-18:30). Hori bai, iragarri dutenez, hiru asteburu La Arboledako aterpetxean egingo dituzte, zapatuko 10:00etatik hasit eta domekako 14:00ak arte. Hori amaituta, ikasleen hurrengo urratsa 160 orduko praktikaldia egitea izango dela azaldu dute.
Ikastaroa egiteko, parte hartzaileak adinez nagusiak izan beharko dira, edota 2026an 18 urte bete. Era berean, argitu dute ikasleak euskaldunak izan beharko direla, eskolak euskarazkoak izango direlako, eta DBH mailako ikasketak eduki beharko dituzte. Behin prestakuntza biribilduta, Eusko Jaurlaritzaren Aisialdirako Begirale titulazioa jasoko dute. Matrikulazioaren prezioa 350 eurokoa izango da, 35 urtetik beherako adina duten bermeotarren kasuan; gainontzekoek, ostera, 450 euro ordaindu beharko dituzte.