Atain, Bailo, Mendizabal eta Gonzalez, zesta-puntaren jaian garaile
"Arrakastatsua" izan da Bermeo Tuna Jai Alai Cup txapelketa. Artza pilotalekua ia lepo bete dute ikusleek. Ruben Bailok irabazi du atzelarien kiniela; Erik Mendizabalek, aurrelariena; Bixente Gonzalezek eta Gorka Mugartegi 'Atain'-ek, bikotekakoa.

Erantzun aparta eduki zuen iragan zapatuko [ekainak 28] Tuna Jai Alai Cup txapelketak. Bermeoko Zesta eta Pala Eskolak Jai Alai komunitate osoa barnebildu zuen lehiaketa antolatu zuen Artza pilotalekuan, Bermeo eta atunaren industria bermeotarra zesta-puntaren bidez bultzatzeko, eta ikusleek ez zuten hura galdu gura izan: “Ia-ia sarrera denak saldu genituen, eta jendea gogotsu igarri genuen uneoro”.
AEBn egin ohi zen Citrus torneoaren pareko formatuagaz egin zuten Bermeoko txapelketa: zesta-puntako mundu osoko enpresek (Bermeo Jai Alai, Bilbao Jai Alai, Magic City, Casino Dania Beach, Jai Alive eta Eraman Jai Alai) puntista bi hautatu zituzten jokatzeko, eta denen arteko kinielak egin zituzten, hala bakarka, nola binaka. Azken orduko aldaketa bat egon zen: Eraman Jai Alai ordezkatu behar zuen pilotarietako bat, Xabier Barandika gernika-lumotarra, ezin izan zen Artzako kantxan egon, arrazoi fisikoak tarteko; Javier Urrutia busturiarrak ordezkatu zuen haren hutsunea.

Argazkia: Bermeoko Zesta eta Pala Eskola.
Jardunaldi “bizia eta dinamikoa” izan zen: “Hamabi tantotara jokaturiko hiru kiniela bizkor eta lehiatu egoteak mugimendu sentsazio handia eman zion programazioari, eta ikusleek behin eta berriro zerbait berriaz gozatu zuten”. Atzelarien kiniela jokatu zuten lehendabizi, eta lehia hartan Jai Alive enpresaren ordezkari Ruben Bailo iruindarra izan zen nagusi. Aurrelarien kinielaren garailea, berriz, enpresa bereko Erik Mendizabal mutrikuarra izan zen. Azkenik, bikoteen txanda izan zen, eta bertan Casino Dania Beacheko Bixente Gonzalez miarriztarrak eta Gorka Mugartegi Atain markina-xemeindarrak.
Antolatzaileek pilotarien jarrera eta maila azpimarratu dituzte, baita ikusleek emandako jarraipena ere: “Kluba martxan jarri zenetik, apurka-apurka proiektuak gauzatuz joan gara, betiere geure oinarriak argi izanik. Bidean, emakumezko pilotariei dagokien plaza eman diegu, eta horrexetan jarraituko dugu. Harrobiaren kasuan ere, beste horrenbeste. Tuna Jai Alai Cup honekin, goi mailako puntistak eta enpresak elkartu ditugu. Pixkanaka-pixkanaka, kluba egonkortzen eta Euskal Herriko eragile nahiz taldeen artean bere tokitxoa egiten ari da”.

Argazkia: Argazki.klik
Bermeoko Uria txapelketa.
Etorkizuneko erronkei dagokienez, “urte osoko programazioa” aurreikusita dute, eta udan geltoki oso esanguratsua edukiko du: “Bermeoko Uria txapelketa antolatzen gabiltza, horixe izango da hurrengo hitzordu handia. Benjamin, kimu, haur eta kadete mailetako pilotari mistoek parte hartuko dute, abuztu amaieratik irail hasierara, Andra Mari jaien hasierara, artean. Jendeak Jai Alai komunitatea are gehiago erakustea izango da jomuga nagusia, harrobiagaz beharrean jarraitzeaz gain”.